EAJren ustez, Bermeon egiten ari diren saihesbideak “berebiziko garrantzia” izan arren, ez ditu herriko trafiko arazoak bere osotasunean konponduko, Tellaetxe tar Josu kalearen bidez saihesbidea eta udalerria lotuko dituen sarbidea egin ezean. Horregatik, Bermeoko udal gobernuari eskatu dio proiektua gauzatu ahal izateko “nahitaezko urratsak” eman ditzan. Alegia, 125.000euroko kostua duten berpartzelazio proiektua eta hirigintza-jarduketa programa bideratzea eskatu dio.

Bermeo Bizirik taldeko kideek saihesbidearen proiektuan herrirainoko sarbidea bildu dezaten eskatu dute behin baino gehiagotan
EAJk gogoratu du 2012ko abenduan Hiri Antolamendurako Plan Orokorreko 8.1. exekuzio-unitatea onartu zutela aho batez Bermeoko Plan Nagusian: “8.1 exekuzio unitate horretan ezer eraiki gura izanez gero, HAPOren arabera, kooperazio jarduketa-sistema da dagokiona eta sistema horren oinarrietako batek dio udalari dagokiola unitate horretako beharrak egitea, betiere, guzti horren kostua lurren jabeek gainartu behar dutelarik”. Hori horrela, joan den martxoan udal arkitektoak txosten bat egin zuen, “udalak eman beharreko urratsak zeintzuk ziren azaldu asmoz”.
Hala, lehen urrats horiek ematea “derrigorrezkoa” dela deritzo EAJk proiektua gauzatu ahal izateko; gainera, uste du, Bermeok “behar-beharrezkoa” duela kale hori eraikitzea trafiko arazoak murriztu, bizi kalitate hobeago bat lortu eta etorkizuneko Bermeo hobeago bat garatu ahal izateko.
Horrela, udalari eskatu diote “inori itxaroten egon barik, apustu horren alde egin eta ausardiaz joka dezan; etorkizuna baldintzatuko duen apustu estrategikoa baita”. Era berean, jeltzaleek lanerako konpromisoa erakutsi dute.
Egungo proiektua “guztiz eskasa”
Bilduk, bere aldetik gogoratu du, “Bizkaiko Foru Aldundiak ez duela utzi hiru kilometroko saihesbiderik sarbiderik gabe; bai, ordea, Bermeon”. Zornotzako herri barruko bide-segurtasuna hobetzeko, esaterako, aldundiak 2,84 milioi eurotako inbertsioa egin duela gogoratu du, “Bermeon azpiegitura hori bukatzea bermeotarren esku utzi duen bitartean”. Azken finean, “herritarren trafiko arazoak konponduko ez dituen azpiegitura batean” 50 milioio euro inbertitzea ez duela ulertzen dio koalizioak.
Halaber, gaineratu du ez duela ulertzen “zergatik EAJ ez den gai aldundiari eskatzeko Bermeori osotasuneko irtenbidea emango dion proiektu bat; “horren ordez, udalari eta bermeotarroi ito nahi gaituzte , udalaren egoera ekonomiko zailaren jakitun izan arren, udalari eskatuz sarbidearen kostua bere gain hartzea”.
Bermeorentzako “tunelak eta saihesbidea proiektu estrategikoa” izan direla uste du Bilduk; hala ere, gaur egun egiten ari diren proiektua “guztiz eskasa” dela deritzo, “ez duelako ez sarbiderik ezta tunelik aurreikusten”. Horrenbestez, ez direla Bermeoko trafiko arazoak konponduko eta ez dela mugikortasuna bermatuko uste du.
Hala, gogoratu du Bermeoko Udal Gobernuak 2011tik saiakera ezberdinak egin dituela “herriarentzat hain garrantzitsuak diren sarbideak eta tunelak aldundiari eskatzeko”. Gauzak horrela, udalak Tellaetxe Tar Josu kaleko sarbidea ahalbidetzen duen hirigintzako lanen txostena aurkeztu dio aldundiari, “balorazio ekonomiko batekin eta elkarlanerako prest agertuz; izan ere, legeak dio administrazio jarduleak beste administrazio publiko baten esku utzi dezakeela sistemaren kudeaketa eta urbanizazio-obrak egikaritzea”. Udalak, hortaz, sarbidea egiteko “ate guztiak zabaldu dizkio”, kontuan izanik, “hori egitea ez dela eskuduntza kontu bat, borondate kontu bat baino”.