
Ana Oregi Ingurumen sailburuak joan den asteko Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen batzordean esan zuenez, “Urdaibain asko inbertitu da, pertsonako inbertsio ratioari erreparatuz gero”. Sailburuaren berbetan, “Busturialdeak bizkaiko biztanleriaren %4a hartzen du, eta, dagoeneko, 176 milioi euro inbertitu ditu Araba, Bizkai eta Gizpuzkoako erakundeak”. Adierazpenok Urdabaiko saneamenduari buruzko batzordean eztabaidan egin zituen sailburuak, Jaurlaritzan ordezkaritza duten alderdi politikoen harridurarako.
EH Bilduk salatu duenez, lotsatu egin beharko litzateke, pertsonako inbertsio ratioa altu dela esateagatik. “Ez al da saneamendua oinarrizko eskubidea? Eskualdea kontuan hartu barik, ez al da saneamendua herritar orok bermatua izan behar duen zerbitzua” galdegin du koalizioak.
Busturialdeko EH Bilduko ordezkarien berbetan, “Oregiren hitzek bigarren mailako herritar sentiarazten gaituzte”. Hala, sailburuaren “irristaldi bat” izatea, eta “damututa” egotea espero du koalizioak. “Giza eskubideak interes propion gainetik” daudela gogorarazi diote. EH Bilduk dioenez, Busturialdeko herritarrek ere zergak ordaintzen dituzte. Hortaz, herritar horiek ere saneamendu zerbitzu egoki bat izateko eskubidea daukatela deritzo alderdi politikoak.

Alde horretatik, Eusko Jaurlaritzak bere konpromisoak bete ditzan eskatu du koalizioak. Izan ere, 2003an sinatutako hitzarmen baten arabera, Jaurlaritzaren ardura da saneamenduko kolektore nagusiak ordaintzea. Eskualdeko guztiko hondakin urak hartuko dituen Lamiarango araztegia laster jarriko dute martxan, baina ezin izango ditu herri guztietako ur zikinak hartu, kolektoreak amaitzea falta baita.
Oregik esan zuenez, baina, hitzarmen hori agortuta dago. Sailburuaren berbetan, larrialdi egoera bati aurre egiteko jarri zituzten 35 milioi euro, 2003an. Jaurlaritzan ez du dirurik sobran, eta laguntza gehiago jaso nahi izanez gero, bi alderdiek hitzarmen berria sinatu beharko dutela nabarmendu du.
EH Bilduk ez ditu Oregiren adierazpenak ulertzen, baina elkarlanerako deia egin du. Izan ere, ez dute ulertzen saneamendua bezalako lehentasun batek laguntzarik jaso ez izana 2014ko aurrekontuan, AHTrako 350 milioi euro bideratu dituzten bitartean.