
Zaloa Ibeas (bigarrena ezkerretik) Totorikaguenako langileekin berba egiten
Emakumeen arloko arduradunagaz batera, eskualde mailako hainbat arduradun ere gerturatu dira Totorikaguenako beharginek jarritako informazio gunera. Zapatuan manifestazioa egin aurretik, Gernika-Lumoko beharginei elkartasuna adieraztea izan da sindikatuaren helburua. LABekoek manifestazioan parte hartzeko deia egin diete bertoko biztanle guztiei. Indarrak bilduz egoerari aurre egiteko aukera izango luketela uste du sindikatuak. 12:30ean hasiko da protesta.
Zaloa Ibeasen berbetan, emakumeak nagusi diren sektoreetan, basakeria ikaragarriak egiten ari dira krisiaren aitzakipean. Azken bost urteetan, esaterako, 78.000 emakumek lanpostua galdu dutela nabarmendu du. “Datuak oso kezkagarriak izan arren, hala ere, emakumeen lanpostuen suntsiketa ez da lehenengo mailako arazoa”. Ibeasen iritziz, garrantzia gehiago eman beharko litzaioke gaiari, eztabaidari benetako dimentsioa emanez.
Azken bost urteetan emakumeen 78.000 lanpostu suntsitu arren, emakumeen lanpostuen suntsiketa ez da lehenengo mailako arazoa”
Metalgintza Enplegu Erregulazio espedienteek (EEE) oihartzun oso handia izan arren, emakumeen sektoreetako lan galerak eta kaleratzeak isilpean geratzen direla esan du LABekoak. Hala, merkatuan gabeziak daudenean, kaleratu egiten dituzte emakume horiek.
Alde horretatik, Totorikaguenako beharginen jarrera txalotu du Ibeasek. Haren berbetan, “zerbitzuen arloan borroka posible dela ikustarazi dute”. Hortaz, norabide berdinean jarraitzeko gomendatu die.
Zerbitzuen arloan ere borroka egitea posible dela ikustarazi dute Totorikaguenako langileek”
Bestalde, enpresako arduradunen jokaera salatu du LABeko kideak. Negoziaketarako borondate eza erakustea, langileekiko errespetu falta bat dela deritzo. Enpresan 30 urtetik gora egin ostean, kaleratzeen berri lantokian jarritako paper bategaz ematea bidegabekeria dela esan du.
Gaur bertan, esaterako, langilean enpresako arduradunekin batu dira, baina antzerki bat izan da. “Enpresak bere ardurak bete beharrean, egoeraren errududun garela esan dute”. Hala, eztabaidak bere horretan jarraitzen du. Hilaren 16an, langileak eta enpresa Lan Ikuskaritzan batuko dira. Bertan, langileek beraien egoera azaltzeko aukera izango dute.