
Urtebete joan da Bizkaian azken hamarkadetako suterik larriena piztu zenetik. Apirilaren 11 zen, goizaldea, eta Bermeoko Alde Zaharreko hainbat bizilagunek euren etxebizitzak nola erretzen ziren ikusi zuten. “Amesgaiztoa” zirudien, eta amesgaiztoa bizi dute sutean kaltetutako askok eta askok gaur egun oraindik. Bermeo Suten elkarteko bozeramalea da Gorka Gomez, eta etxea galdu zuen sutean; guztiz galdu, gainera. Izan ere, orain urtebete galdu zuen etxebizitza ez dute berreraikiko: “Obren finantzazioa errazten ez bada, ezingo ditugu etxeak berreraiki, ez dugulako nahikoa dirurik”. Mailegua ordaintzen ari da oraindik, “ez dudan eta izango ez dudan etxe bat ordaintzen ari naiz”. Horrez gain, gaur egun bizi den etxearen alokairua ere ari da ordaintzen.
Sutean etxebizitza galdu zuten herritarren egoeraz jabetuta, “finantziazio bideak” behar dituztela esan du Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek, “euren etxebizitzak berreraikitzeko eta Alde Zaharra ahalik eta lasterren berreskuratzeko”. Hipotekak lortzeko baldintzak kontuan hartuta, kaltetuek momentu honetan diru laguntza bereziak behar dituztela esan du alkateak.
Obren finantzazioa errazten ez bada, ezingo ditugu etxeak berreraiki, ez dugulako nahikoa dirurik”
Ez da hondamendi-eremu
Sutean kaltetu ziren familien oinarrizko beharrizanei aurre egiteko laguntza eman zien Eusko Jaurlaritzak bere sasoian, baita etxebizitzak berreraikitzeko proiektuak egiteko ere. Dena, den, gaur egun familia horien beharrizanak aldatu egin direla esan du Bidegurenek, eta diru laguntzak momentu honetan ezinbestekoak dituztela. “Bermeoko Alde Zaharra berreskuratzeko gogor lan egiten ari gara. Asko da egin duguna, baina lan asko dago oraindik egiteko, eta erakundeen arteko kolaborazioa ezinbestekoa da”.

Espainiako Gobernuaren partetik, baina, ez du laguntzarik izango udalak: “Suaren ondorioz kaltetutako gunea hondamen-eremua izendatzeko eskaera egiteko proposatu ziguten, eta, urtebete esperoan egon ostean, ezetza eman digute. Albiste txarra izan da Bermeorentzat, diru laguntza horrekin hainbat gasturi aurre egitea espero baikenuen”. Beraz, udala bera egoera larrian dagoela esan du Bidegurenek: “Beregain hartu ditu gastu asko, eta diru laguntzak ez dira nahikoak izan gastu horiei aurre egiteko”.
Baina Espainiak sutearen ondorioz kaltetu zen gunea hondamen-eremu izendatzeari uko egin arren, zenbait kaltetuk hondamen-eremuko laguntzak hartzea espero du alkateak.
Suaren ondorioz kaltetutako gunea hondamen-eremua izendatzeko eskaera egiteko proposatu ziguten, eta, urtebete esperoan egon ostean, ezetza eman digute”
Herriaren elkartasuna
Diru laguntzen beharra duten arren, etxeak berriro eraikitzeko modua badutenak ere badira. Izarzugaza familia da horren adibide. Mikel Izarzugazak azaldu duenez, suak erre zien etxea eraikitzen hasiak dira, “eraikineko jabe denak ados jarri baikara ahalik eta lasterren berreraikitzeko”. Udarako obra amaituta egon daitekeela esan du, baina ondoko etxea noiz eraikiko itxaron beharko dutela azaldu du: “Alde Zaharreko etxeek hormak eta hagak konpartitu egiten dituzte, elkarri eusteko, eta guk obra orain amaituko bagenu ondokoa eraikitzean gurea kaltetu daiteke”.
Besotik heldu eta ohetik altxarazi ninduen. Balkoira joan eta bai, suzko bolak ziren”
Etxea eta negozioa galdu zituen Mikel Izarzugazak orain urtebeteko sutean. 2013ko apirilaren 11 hartan emazteak esnatu zion, balkoitik suzko bolak ikusi zituela esanez. “Ametsetan zegoela eta berriro ohera sartzeko agindu nion; baina ez zidan kasurik egin. Besotik heldu eta ohetik altxarazi ninduen. Balkoira joan eta bai, suzko bolak ziren”. Umeak hartu eta beheko solairuan zuten harategian gorde zirela gogoan du Izarzugazak; “baina han ere ez geunden seguru, eta aukera izan genuenean kalera atera ginen, Goiko plazara”. Kanpora atera zirenean ohartu ziren ez zela euren etxea sutan zegoena; baina goizaldeko 05:30ak aldera hego haizeak jo eta sua ondoko eraikinetara zabaldu zen: “Gure eraikineko laugarren eta bosgarren pisuak guztiz erre ziren. Sua ez zen beheko pisuetara heldu, baina suhiltzaileek sua amatatzeko erabiltzen dituzten produktuen eraginez etxe guztia alperrik galduta geratu zen, baita harategia ere”.

Bizkaiko Foru Aldundiak kaltetuen eskura ipini zituen etxebizitzetara joan zen Izarzugaza familia ere. Orain, gainontzeko familiek legez, errenta bat ordaindu behar dute; euren kasuan gehienezkoa: 400 euro hilean. Horrez gain, harategiaren errenta ere ordaindu behar dute: “Lehen sei hilabeteetan aseguru etxea egin zen horren kargu, baina orain guk geuk ordaindu behar dugu”. Hala ere, dioenez, euren egoera ez da beste kaltetu batzuek bizi dutena bezain txarra. Izan ere, oraindik orain, suak erre zuen etxearen hipoteka ordaintzen duadenak ere badira.
Eskolaren aldetik ere laguntza izan dutela aipatu du Izarzugazak. Umeei ere jarraipena egin diete; izan ere, sutearen ondorioz euren seme-alabek trauma txiki bat bizi izan dute; “hobeto daudela esan digu eskolako psikologoak, baina txarto pasatu zuten”.
Sutea gertatu eta hurrengo hiru hilabeteetan izan zuten kaltetuek laguntza psikologikoa eta soziala. Bermeoko udal arduradunek zehaztu dutenez, kaltetuak izan dira lehentasuna, eurekin egotea eta euren zalantzak argitzea. Eta gaur egun oraindik askok eta askok laguntza psikologikoaren beharra dutela dio alkateak: “Ezin gara pertsona horiekin ahaztu, egoera zaila bizi dute eta laguntza guztia ere ez da nahikoa”.
Herritarren eta elkarteen aldetik ere laguntza izan dute bermeotarrek azken urtean: jatekoa, arropak, mantak… banatu ditu Kate Sarea elkarteak, eta jaialdi solidarioak antolatu izan dituzte hainbat elkartek eta taldek. Eta gaur ere ekitaldi solidarioa egingo dute Bermeoko Kafe Antzokian. Etxeak bererraikitzeko dirua batzeko asmoz, Barrueta Arte Elkarteak eta Euskal Akuarelarien Elkarteak dohaintzan emandako artelanak zotz egingo dituzte.