Hamabost urte igaro dira; hamabost urte herriko aktibitate kulturalaren ardatz izaten; hamabost urte herritarren bizitza sozio-kulturala dinamizatzeko lagungarriak diren jarduerak garatzen; hamabost urte ume zein helduentzako ekintzak antolatzen; hamabost urte Foruko Kultur Etxeak zerbitzua ematen.

Artxiboko irudian, pandero ikastaroa Foruko kultur etxean
1999ko apirilaren 19az geroztik, kulturgune bat du Foruak eskura; aisialdirako zein herritarrekin batzeko aukera bat. Hala uste dute, behintzat, Joan Mari Torrealdai kultur etxeko arduradun Biotza Atelak eta Ane Ortubek. Barruan zein kanpoan gauzatzeko ekintzak antolatu dituzte denbora horretan zehar: ume zein helduentzakoo; bakarka zein familian egiteko. Hainbat izan dira orain arte kultur etxeak antolatutako jarduerak; horien artean, tailerrak, ikastaroak, irteerak, hitzaldiak, ipuin kontalari saioak…
Bizitza sozialak jauzi handia
Herriko jarduera sozio-kulturala dinamizatu eta batzeko lagungarria izateko helburuagaz sortu zuten Foruko kultur etxea, eta hamabost urte horietan Foruko bizitza sozialak eta kulturalak jauzi handia eman duela uste du udalak. Urtean zehar, egitarau zabala prestatzen du, hilabete bakoitzean proposamen kultural ezberdinekin. Forutarrek aktiboki parte hartzen dute ekintza horietan eta kultur etxean eskaintzen dituen zerbitzuez gozatzen dute.
Hala, argazkien bitartez gogoratuko ditu Foruko Udalak azken hamabost urte horiek; izan ere, orain arte Joan Mari Torrealdai kultur etxeak eskainitakoa ezagutara emateko eta jardueretako parte hartzaileak eskertzeko, erakusketa bat jarriko dute ikusgai gaurtik hil amaierara arte ludotekan. Hain zuzen, gaur 18:00etan egingo dute erakusketaren inaugurazioa.
Martitzenean jarraituko du J.M. Torrealdai kultur etxeak apirileko egitarauagaz; Triñe auzora joateko hitzordua jarri du 16:30ean kultur etxean. Lorak eta hostoak batuko dituzte bertan. Apirilaren 23an, berriz, liburuaren nazioarteko eguna ospatuko dute, eta hurrengo egunean, Gautegiz Arteagan kokatuta dagoen Urdaibai Bird Centerrera bisita egingo dute. Maiatzean ere izango da zer edo zer egin herrian.
Urteurren horren aitzakiaz, azken urteetako balorazioa egiteko aprobetxatuko dute; hala, zein aurrerapauso eman daitezkeen aztertuko dute. Momentuz, liburutegian hasi dira horretan; kultur etxeko guneaz gain, beste hiru tokitan izango du herritarrak liburu edo aldizkariak maileguan hartu eta irakurtzeko aukera maiatzetik aurrera: udaletxean bertan, herriko taberna bietan eta Baldatika auzoan, hain zuzen ere.