
Eroskiko ordezkariak azalpenak ematen
Gernika-Lumoko Eroski supermerkatuek sustatuta, bertoko herriko biztanleek urtebeteko egitarau solidario bat antolatzeko lehen pausoa eman zuten atzo. Hain zuzen, Gernika-Lumoko hainbat eragile batu ziren Elai Alai aretoan, proiektuari buruzko lehen azalpenak entzuteko. Izan ere, Eroskiko ordezkariek jakinarazi dutenez, “guztion laguntza ezinbestekoa” izango da egitasmoak bidea egin dezan. Egitarau solidarioak udalaren babesa ere badauka.
Oscar Perez MAXI Eroskiko kudeatzaileak bildutakoei azaldu dienez, “herri izaera indartzea eta ongizatea bermatzea” ere kooperatibaren helburuak dira. Hala, hilabetero ekimen desberdinak antolatzea, guztiontzat izango da aberasgarria. Alde horretatik, herriko eragile desberdinen laguntza eskatu zuen. “Indarrak batuz gero, gauza ederrak egin ditzakegu, herriari lagunduz”.
Adibide bezala, iaz MAXI Eroskik martxan jarritako kanpaina bat aipatu zuen Perezek. Hain zuzen, Cesar Carmonarentzako gurpildun ahulkia erosteko 2.400 euro batu zituzten, gernikarren laguntzagaz.
Edozein motatako ekintzak antolatu ditzakegu, herriari bizitasuna emateko, eta herri izaera indartzeko. Besteak beste, kultur ekitaldiak, kirol jarduerak, lagunarteko txapelketak, eta elkartasun kanpaina bereziak”
Iñaki Alakano MAXI Eroskiko arduradunak gaineratu zuenez, “edozein motatako ekintzak antolatu ditzakegu, herriari bizitasuna emateko, eta herri izaera indartzeko”. Besteak beste, kultur ekitaldiak, kirol jarduerak, lagunarteko txapelketak, eta elkartasun kanpaina bereziak egin ditzaketela deritzo arduradunak. Bildutako dirua, bestalde, ongintza proiektu desberdinetara bideratuko lukete parte hartzaileek.
Urteko programa garatzeko, baina, ezinbestekoa izango da auzolana. Hala, herriko kultur, gizarte eta kirol taldeak parte hartzera deitu ditu. Halaber, enpresen eta eragile ekonomikoen laguntza ere eskatu du Alakanok. Izan ere, “guztiok osatzen dugu Gernika-Lumo”.
Atzokoa lehen pausoa izan zen. Hala, aurrerantzean gaiari buruzko zehaztapenak landuko dituzte egitasmoan parte hartu nahi dutenek. Alde horretatik, egitasmoan parte hartu nahi duten eragileek MAXI Eroskira deituz edo supermerkatura joanez jaso ditzakete proiektuari buruzko zehaztasunak. Aurrerantzean hasiko dira egitarau solidarioa osatzen.