Herriko jaiak iragarriko dituen kartel bila dabil Bermeoko Jai Batzordea
Dagoeneko zabaldu dute kartelak aurkezteko epea, eta ekainaren 20a izango dute parte hartzaileek horretarako aukera. Bakoitzak, gehienez, lan bi aurkeztu ahal izango ditu. Jasotako lan guztien artean hiru onenak ekainaren 23an jakinaraziko ditu jai batzordeko eta herriko artearen munduko kideez osatutako epaimahaiak, eta horien artean gustukoena bozkatu behar izango du herritarrak Nestor Basterretxea aretoan jarriko duten kutxa edota internet bidez. Horietan bozkatuena izango da 2014ko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak iragarriko dituen kartel irabazlea; lanaren egileak 600 euroko saria jasoko du.
Parte hartu nahi duenak derrigorrez 52×70 zentimetro izango dituen lana aurkeztu beharko du Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean. Edozein teknika erabili ahal izango du; betiere, BERMEOKO JAIAK 2014. Irailaren 7tik 16ra leloa eramango duelarik. Lanak ordenagailuz egiteko aukera egongo da, baina hala egitekotan, euskarri informatikoan (CD) ere aurkeztu behar izango dira, inprimatutako lanaz gain.
Lanak egilearen izenik gabe aurkeztu beharko dituzte lehiaketara eta guztiak izenburuagaz. Izenburu bera jarri beharko dute gutun azal itxi batean, eta horregaz batera idatzi beharko dituzte egilearen datuak barruan.
Behin lan danak aurkeztuta, Nestor Basterretxea aretoan jarriko dituzte guztiak ikusgai ekainaren 23tik 30era arte. Lehenengo egun horretan jakinaraziko ditu epaimahaiak lehiaketako hiru finalistak.
Informazio gehiagorako Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxea edo Berh@az bulegoa bisitatu ebharko du herritarrak. Bermeoko Udaleko Jai Batzordeak lehiaketan parte hartzera animatu ditu herritarrak.