
Frantxuen haitzak, Bermeon
Aurtengo neguko itsas oldarraldien ondorioak antzeman daitezke oraindik orain kostako herrietan. Denborale zakarrek eragindako kalteak handiak izan ziren hainbat lekutan, eta handiak dira haien ostean egin beharreko konponketak ere. Lanetako batzuk hasi dituzten arren, asko eta asko ezin izango dituzte Aste Santuko oporraldirako amaituta izan.
Hondartzak garbitu eta hareatzetako azpiegiturak konpontzeaz gain, besteak beste, Mundakan, Sukarrietan eta Bermeon hasi dituzte enbaten ostekoak konpontzeko obrak. Azken herri hori izan zen kalterik handienak eduki zituenetako bat, otsailaren 2ko enbataren ondorioz olatu-horma apurtu eta babesik barik gelditu baitzen portua. Hurrengo egunetan behin-behinean konpontzen aritu ostean, balizko irtenbideak kalkulatzeko eskaria egin zion Jaurlaritzak ingeniaritza enpresa bati, eta haren lana oinarri hartuta, joan den barikuan hasi zituen olatu-horma hormigoiz indartzeko lanak.
Bestetik, Portuzarreko galtzadarrizko zoladurako lanak amaitu dituzte dagoeneko. Jaurlaritzak zehaztu duenez, egoera txarrean zeuden galtzadarriak kendu, eta, behin-behinean, hormigoizko zolatekin bete dituzte. Kaia berreraikitzeko lanak amaitzean egingo ditu behin betiko lanak. Halaber, Etxepe eraikinaren inguruan kautxu birziklatuzko xafla batzuk ipini dituzte, zolataren azpian, balizko dardarak arintzeko. Horrez gain, Frantxuen haitzetako iparraldeko horma eraitsi dute, eta bigarren mailako mantuko harri-lubeta ezartzeko lanari berrekin diote.
Mundakako Txorrokopuntan eta Sukarrietako Toña hondartzaren inguruan eragindako kalteak konpontzeko, bestalde, 38.000 euro eta 20.000 euroko partidak aurreikusi ditu Espainiako Gobernuak, hurrenez hurren. Txorrokopuntari dagokionez, parkeko elementu batzuk eta itsasorako sarbidea konponduko ditu, eta Alicante hondartza-solariumeko horma Toñan.
Jaurlaritzako Ingurumen Sailak jakinarazi duenez, bestalde, Mundakako, Lekeitioko, Ondarroako eta Debako portuetan dragatuak egingo dituzte, denboraleek mugitutako 66.000 metro kubiko hondar inguru kentzeko. Izan ere, Azpiegituren zuzendari Almudena Ruiz de Anguloren esanetan, “neguaren eta denboraleen ondorioz, ohikoa izaten da sedimentuak eta hondarrak metatzea, eta portuak dragatzeko planak gutxieneko sakonera bat ezartzen du portu-eremu bakoitzerako”.
Hori horrela, 30.600 metro kubiko harea dragatuko dituzte Lekeition, 25.000 Ondarroan, eta 5.300 Mundakan. Iazko datuekin alderatuta, aurtengoak askoz ere esanguratsuagoak dira, Lekeitioko portutik 4.580 metro kubiko kendu baitzituzten orduko hartan, eta 617 metro kubiko Mundakako portutik (2013an Ondarroan ez zuten dragaturik egin). Hiru horietako eta Debako lanek 800.000 euro inguruko kostua edukiko dute.
Obra esanguratsuenak
Bermeo
- Olatu-horma. Barikuan hasi zituen Jaurlaritzak hormigoiz indartzeko lanak.
- Portuzarra. Galtzadarrizko zoladura saneatzeko lanak egin dituzte, 300 metro koadrotan. Egoera txarrean zeuden galtzadarriak kendu eta hormigoizko zolataz bete dituzte, oinezkoen segurtasuna bermatzearren. Hurrengo hileetan zama astunak garraiatzen dituzten ibilgailuak igaroko dira handik, eta, beraz, behin betiko konponketak kaia berreraikitzean egingo dituzte.
- ‘Etxepe’ eraikinaren ingurua. Zolataren azpian kautxu birziklatuzko xafla batzuk ipini dituzte, balizko dardarak arintzeko.
- Frantxuen haitzak. Iparraldeko horma eraitsi dute, eta, horri esker, bigarren mailako mantuko harri-lubeta ezartzeko lanari berrekin diote.
Mundaka
- Portua. 5.300 metro kubiko harea dragatuko ditu Eusko Jaurlaritzak (iaz 617 metro koadro izan ziren).
- Txorrokopunta. Parkeko elementu batzuk eta itsasorako sarbidea konponduko ditu Espainiako Ingurumen Ministerioak, 38.000 euroko aurrekontuagaz.
Sukarrieta
- Toña hondartzaren ingurua. Alicante hondartza-solariumeko horma berreraikitzeko 20.000 euroko partida aurreikusi du Ingurumen Ministerioak.