
Joan den barikuko lanuztea
LAB sindikatuak jakinarazi duenez, bertan behar utzi dituzte Bizkaiko kontserba enpresetako langileen lanuzteak. Sindikatuak argitu du 2007ko Bizkaiko kontserba enpresen hitzarmena indarrean dagoela. Hala baieztatu du epaile batek sententzia bidez. Barikukoa hirugarren lanuzte eguna izango litzateke, baina, egoera berri baten sartu direla argudiatuta, LABek protesta saioak geratzea erabaki du, momentuz.
Sindikatuaren berbetan, beharginen eskubideak mantentzea lortu dute. Hala, sektoreko langileen borroka patronalari aurre egiteko ezinbesteko tresna izan dela nabarmendu du.
2007ko hitzarmenarena “lehen borroka” izan da. LABek dioenez, “2014an gaude eta hitzarmena berritu behar dela deritzogu”. Pauso horiek ematea ere zaila izango den arren, oraingoan epaitegien laguntzarik ez dutela izango gogorarazi du sindikatuak. “Borrokak jarraitu egingo du gaur egungo egoerara egokitutako lan baldintzak lortu arte”.
Sindikatuak azaldu duenez, orain hausnarketarako garaia hasiko da, eta, ondoren, proposamen berriak aurkeztuko dituzte. Gainontzeko sindikatuek borondatea eta konpromisoa agertuz gero, elkarlanerako prest dagoela esan du LABek.