Gernika: mihisetik pantailara izeneko ikus-entzunezko erakusketa zabalduko dute gaur Gernika-Lumoko Kultur Etxean. Jose Luis Zumeta artista plastikoak Picassoren sorta klasikoan inspiraturik sortutako lana oinarri hartuta eta Mikel Laboaren abestiekin jantzita, Angel Sandimas zinemagile nafarrak zuzendutako animaziozko film laburra ikusi ahal izango da bertan, maiatzaren 20ra bitartean.
Erakusketak Zumetaren Gernika (1999) lana du abiapuntu. Helburua 3D animazioko film laburraren sortze-prozesua azaltzea da. Horretarako, Zumetaren hainbat marrazkiren eta eskulturen zirriborroak hartu zituzten oinarritzat, Mikel Laboaren musikagaz osatuz.
Lanak Donostiako Orfeoiaren zein Euskal Herriko Gazte Orkestraren parte hartzea izan zuen, eta 1999ko abuztuan estreinatu zuten, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Film labur hori Donostiako X. Giza Eskubideen Jaialdian aurkeztu zuten Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrenaren harira, eta oraindik ere munduko zinema jaialdi ospetsuenetan parte hartzen ari da.
Zumetak marraztutako gidoi grafikoaren bidez, film laburraren hainbat sekuentzia ikus daitezke. Era berean, “hainbat panelek zenbait azalpen emango dituzte: 1937. urteko Gernika nola irudikatu den, hiriaren bertsio piktoriko erabat digitala nola sortu duten, ume protagonista nola diseinatu duten, Zumetaren margolana nola deskonposatu duten 3D elementuetan…”.