Bermeoko X. Bertsopaper lehiaketak baditu irabazleak: Ager Monasterio eta Lore Barrena. Gaur goizean jakinarazi ditu Bermeoko Udalak aurtengo bertsopaper lehiaketako irabazleak Nestor Basterretxea aretoan egindako ekitaldian. Hala, azaldu dutenez, lehenengo mailan (11 eta 14 urte bitartekoak) Monasterioren bertsoa jo dute irabazletzat Lilibertso bertsolaritza taldeko kideek, eta Barrenarena bigarren mailan (15 eta 18 urte bitartekoak).

Lore Barrena bigarren mailako irabazlea bere bertsoa abesten
Aurreko urteetan legez, aurten ere, parte hartze handiagoa egon da lehenengo mailan; guztira, 118 bertso aurkeztu dituzte lehiaketara: 115 lehenengo mailan eta 3 bigarrenean. Iaz baino parte hartze txikiagoa izan da aurten –iaz, gutzira, 183 gaztek parte hartu zuten–; dena den, hurrengo urtean ikasle gehiagok parte hartzea espero du Bermeoko Udalak.
Eleizalde ikastolako, Sagrado Corazon ikastetxeko eta Bermeoko institutuko ikasleak izan dira gaurko sari banaketan, eta horiekin batera izan dira Lilibertsoko Jon Arano eta Mikel Retolaza. Irabazleei zein parte hartzaileei bertsoak kantatu dizkiete natxituarrak eta busturiarrak, eta horien bitartez, ikarak kentzeko eta bertsotan aritzeko gonbitea egin diete.
‘Eguraldia’ izenburupean aurteztu du bere lana Monasteriok, eta “gaia osotasunari begira heldu duela, errima oso aberatsa erabili duela, ideien koherentzia erakutsi duela, historia garatzerakoan ordena logiko bat erabili duela eta amaiera borobila eman diola” iritzita aukeratu du epaimahaiak lehenengo mailako irabazletzat. Barrenak, berriz, “neurri eta errima aldetik arau guztiak bete ditu, gaia era egokian garatu du, bertsoen arteko joskura polita egin du eta zeinbat ideia original sortu ditu ‘Euskarari’ bertsoagaz”, epaimahaiaren ustez.
Udalak jakinarazi duenez, Bertsopaper lehiaketagaz “gaztetxoen artean bertsozaletasuna sustatu eta gazteei euskal kultura sortzeko bidea egiteko leku bat eskaini gura da”. Hala, aurten parte hartutakoei eskerrak emanez, datorren urtean ere parte hartzeko gonbitea egin die Bermeoko ikasleei, “bertsoekin gozatzen eta jolasten jarrai dezatela” desioz.