
Iratxe Arriola (eskuman) batzordeari azalpenak ematen hasi baino lehenago
Iratxe Arriola Busturialdeko Ur Partzuergoko lehendakariak Urdaibaiko saneamendu sarea amaitzeko konpromisoa har dezan eskatu dio Eusko Jaularitzari, Lurralde eta Ingurumen batzordean. Eskualdeko erakundeko arduradunak nabarmendu duenez, “Jaurlaritzak ez ditu bere ardura guztiak bete, eta, horrenbestez, Urdaibaiko saneamendu orokorraren egoerak kezkagarria izaten jarraitzen du gaur egun”.
Urdaibaik Biosfera Erreserba izendapena jaso zuenetik 30 urte beteko dira aurten, baina bertoko herritarrek saneamendu sare integral baten beharrizana daukate oraindik ere. Arriolak dioenez, ezkerraldeko herri gehienek tratatu barik isurtzen dituzte hondakin urak. Hala, naturak gogor pairatu du erakunde desberdinen arteko desadostasuna.
Egun hiru kolektore falta dira hondakin ur guztiak Lamiarango araztegira bideratu ahal izateko: Muxika eta Gernika-Lumo artekoa, Gernika-Lumo eta Busturia artekoa eta Sukarrieta eta Lamiaran artekoa. Hala, Lamiarango araztegia maiatzean martxan jarriko duten arren, azpiegitura horrek ezin izango ditu eskualde guztiko ur zikinak tratatu, lotura guneak egitea falta baita. Gaur egungo egoera kontuan hartuz gero, Bermeoko eta Mundakako urak bakarrik araztuko lituzke eskualde mailako azpiegiturak.
Jaurlaritzak ez ditu bere ardura guztiak bete, eta, horrenbestez, Urdaibaiko saneamendu orokorraren egoerak kezkagarria izaten jarraitzen du gaur egun”
2003an sinatutako hitzarmen baten arabera, kolektore horiek egiteko lanak Jaurlaritzaren ardura dira. Arriolak jakinarazi duenez, Espainiak eta ur partzuergoak 2003an hartutako konpromisoak bete dituzte. Espainiak, esaterako, 33 milioi euro bideratu ditu saneamendu sarerako, eta ur partzuergoak hiru milioi euro erabili ditu lurren desjabetzeak ordaintzeko.
Ur partzuergoko arduradunak baieztatu duenez, Jaurlaritzaren 35 milioi euroko laguntza jaso zuten 2003ko hitzarmenari esker. 2004 eta 2005 bitartean egindako txosten zehatzek, baina, diru kopuru horren bikoitza beharko litzatekeela erakutsi zuten. Jaurlaritzak jarritako 35 milioi euroekin 2003 eta 2007a bitartean egindako kolektoreen obrak ordaindu zituen partzuergoak; baina, ordutik, ez du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakunde nagusienaren laguntzarik jaso. “Behin eta berriz esan duzue Urdaibaiko saneamendua lehentasun bat dela, baina azken zazpi urteetako aurrekontuetan ez da diru partidarik zehaztu zeregin horretarako”. Hala, egoera ulergaitza dela esan du Arriolak.
Behin eta berriz esan duzue Urdaibaiko saneamendua lehentasun bat dela, baina azken zazpi urteetako aurrekontuetan ez da diru partidarik zehaztu zeregin horretarako”
Gauzak horrela, Arriolak Jaurlaritzaren jarrera salatu du, Busturialdeko Ur Partzuergoari oztopoak jartzeagatik. Dioenez, ez dute ulertzen nolatan Bilbao Bizbaia Ur Partzuergoak 350 milioi euro jaso dituen 2011az geroztik. Busturialdekoak, bestalde, 176 milioi euroko diru laguntza jaso du 2003tik.
Desadostasunak tarteko, hala ere, Arriolak elkarrekin batzeko deia egin die Eusko Jaurlaritzako ordezkariei, Urdaibaiko saneamendu integralari irteera “arin eta egoki bat” emateko. Dioenez, lanak burutzeko modu desberdinak egon daitezke, baina lehenbailehen hasi behar dira aurrerapausoak ematen.