Iaz antolatu zuten lehenengoz Gazte Eguna Busturian, eta orduko arrakasta ikusita, aurten ere, egun hori ospatzea erabaki du Busturiko Gazte Asanbladak. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, “etenik bako 20 orduko plangintza” ekarriko du zapatuan Gazte Egunak Busturira. Axpe auzoan egingo dute, iazko moduan, eta herriko gaztetxoenentzako ekintzetatik hasita, “animatzen den edozein adinetakoentzako ekintzekin” osatuko dute eguna.

Iazko Gazte Eguna
Dagoeneko, bazkarirako izena emana dute askok; momentuz, behintzat, 80 bat lagun batuko dira zapatuan jatorduan. Hala ere, bazkarira joan nahi duenak azken momenturaino izango du izena emateko aukera; 6 euro ordaindu beharko dira eta
busturikogazteasanblada@hotmail.com zein
facebook.com/busturiko.gazteasanblada helbideetan apuntatu ahalko da. Iazko “giro oso polita” errepikatzea da Busturiko Gazte Asanbladaren asmoa; bazkarian ez ezik, eskualdeko herrien arteko herri kirol txapelketan ere “giro ederra” espero dute antolatzaileek, “kontzertuak hasi baino lehenagoko Zornotzako Zaparrada Batukada Taldeak arratsaldeari “errematea” emanez.
Egunari amaiera biribila emateko, musika nagusituko da Axpe auzoan; Skakeitan, Itziarren Semeak eta Bide Batez taldeek jarriko diote soinua frontoiari, eta DJ Bull-ek, berriz, gaztetxeari. hala, azken horren musikagaz agurtuko dute Busturiko II. Gazte Eguna hurrengora arte.
EGITARAUA
1200etan: Umeen jolasak.
13:30ean: Triki-festa.
14:30ean: Gazte bazkaria eta bertsolariak.
18:00etan: Herri kirol txapelketa Busturialdeko gazte asanbladen artean.
20:00etan: Zaparrada batukada taldea herria girotzen.
21:30ean: Musika kontzertuak frontoian: Skakietan, Itziarren Semeak eta Bide Batez (erromeria) taldeak.
02:00etan: DJ Bull-en kontzertua gaztetxean.