
Busturiko Udaleko Jaietako Batzordeak jakinarazi duenez, maiatzaren 20a da azken eguna kartel lehiaketara lanak aurkezteko. Interesa duenak Busturiko Kultur Etxean aurkeztu beharko ditu kartelok 09:00etatik 11:30era eta 16:00etatik 20:00etara. Lehiaketako irabazleak 300 euroko saria jasoko du; betiere, aurkeztutako kartelek behar besteko kalitate teknikoa badute.
Gehienez bi lan aurkeztu ahalko ditu autore bakoitzak, eta gaia eta kartela egiteko erabilitako teknikak aukerakoak izango dira. DIN A2 formatuan aurkeztu beharko dituzte, euskarri zurrunean eta honakoa idatzita: Busturiko jaiak 2014; San Kristobal, uztailak 10,11,12 eta 13; Santiago eta Santa Ana, uztailak 24,25,26 eta 27; Paresi, abuztuak 4,5 eta 6; Itsasoko Ama Birjinaren jaia, abuztuak 9 eta 10; San Bartolome, abuztuak 23 eta 24; Mikel Deunaren jaia, irailak 28.
Lanak lema batekin aurkeztu beharko dituzte parte hartzaileek eta autorearen sinadura barik. Hala, kartazal itxi batean eta lema bera gainean jarrita, autorea identifikatzeko datuak, curriculum labur bat, telefono zenbakia eta NAN sartu beharko dira.
Ordenagailuz ere egin ahalko dira lanak; horiek, baina, euskarri informatikoan (CD) ere aurkeztu beharko dira. Aurkeztutako lan guztien artean, zalantzazko autoretza dutenak, pertsonen duintasunaren kontra doazenak edota beste lan batzuen plagioa dela uste direnak lehiaketatik kanpo utzi ahalko ditu epaimahaiak.