
Asteburuan Bilbon jokatu den Bizkaiko batel txapelketan Bermeoko eta Ondarroako arraun taldeak nagusitu dira. Lehenengoak, nagusien mailan, eta bigarrenak, gazteen mailan.
Pozik dira bermeotarrak. Izan ere, iaz Bizkaiko txapelketa lortu ostean, aurten ere gauza bera errepikatzea lortu dute talde horretako nagusiek. Kaiku eta Zierbena moduko aurkari gogorren aurka aritu ziren domekako norgehiagokan. Denbora gutxiko aldearekin irabazi zuten, 8.40ko denbora behar izan zuten, hain zuzen ere. Hala, segundu bat baino gutxiagoko aldea atera zioten Kaikuri.
Klubeko historian bosgarren aldiz lortu dute txapela Bermeokoek. “Kaikuk eta Zierbenak antzerako maila badute ere, gure burua irabazteko aukerekin ikusi dugu. Azken ziaboga arte lehen hiru taldeak parez pare joan gara, eta azken luzean argitu da dena. Bigarrenari pare bat metro ez dizkiogu atera”, azaldu dute bermeotarrek.
Gazteen artean ere lehia
Bermeotarrek ez ezik, ondarrutarrek ere Bizkaiko txapela etxera eraman zuten, gazteen mailan. Ondarroako gazteek urte osoa daramate aurreko postuetan, eta domekakoa “sari ederra”izan da eurentzat.
Ondarroako arraun taldeko gazteek iaz Bizkaiko, Euskal Herriko eta Espainiako txapelketak irabazi ostean, aurten «presiopean» zeuden arren, lortu dute lehen txapelketa.
Aurten ere, estropadan aritu ziren lau taldeak zein baino zein azkarrago aritu ziren. Ondarrutarrek lehen txanda oso ona egin ez bazuten ere, bueltan beste guztiei aurrea hartzea lortu zuten. Azken unera arte “gogor-gogor” egin zuten arraunean gazteek. Zortea alde eduki bazuten ere, estropada ikaragarria egin zuten, 9.21ko denbora lortuz. “Lehiari ondoen guk eutsi diogu, eta Portugaleteren aurretik sartu gara”, azaldu dute ondarrutarrek.
Bestalde, Bermeoko txikienak Bizkaiko txapelketa irabazteko «faboritoak» baziren ere, ziaboga bat txarto hartu eta aukera gabe geratu ziren. Ondarrutarren kasuan, ostera, “txikienek zorte txarra izan dute, eta laugarren egin dute, Getxoren atzetik”, gaineratu dute Ondarroakoek.