
Duela urtebete inguru, Astra Kulturarako Fabrika Soziala sortzeko ametsa errealitate bihurtu zen, urte askotako lanaren ostean. Hain zuzen, 2012ko abenduaren amaieran zabaldu zituen ateak eraikin berriztuak, azpiegitura hori herritarren zerbitzura jarriz. Ordutik, Astra Koordinadora arduratu da eraikinaren kudeaketaz. Jakinarazi dutenez, “herritarrek berea egin dute Astra”. Hala, pozarren daude, orain arte egindako lanagaz. Astra “bizi-bizirik” dagoela deritzote, eta haren bihotzaren taupadak ozen entzuten dira.
Koordinadorako kideen ustez, “urtebeteko lanaren balorazioa oso positiboa izan da”. Egunerokotasunean eraikina asko erabiltzen dela baieztatu dute. “Astra herritarrona dela sentiarazi nahi genuen proiektua martxan jartzerakoan, eta bide onetik goazela deritzogu”.
Astra herritarrona dela sentiarazi nahi genuen proiektua martxan jartzerakoan, eta bide onetik goazela deritzogu”.

Astrakoek nabarmendu dutenez, herritarrek bi erabilpen mota ematen dizkiote eraikinari. Batetik, arratsalde pasa edo antolatutako ekintzetara doazen herritarrak batzen dira bertan. Bestalde, herriko gizarte eta kultura eragileek ere primeran aprobetxatu dituzte eraikinak eskaintzen dituen abantailak.
2013an, esaterako, Gernika-Lumoko eta Euskal Herriko 76 eragile inguruk 188 ekintza antolatu zituzten. Hala, hiru egunetik behin Astrak ekitaldi bat hartu du. Koordinadorako lagunen ustez, “azpiegitura hori beharrezkoa zela adierazten du erabilpen maila handiak”. Dioetenez, baliabideak izanez gero, proiektu oso interesgarriak martxan jarri daitezkeela frogatu du Astrak.
Koordinadoraren berbetan, “baliabideak eta eraikina erabiltzeko gogoak dauzkagu”. Hala, garrantzitsuenaren jabe direla deritzote.
Astran parte hartzea elkarregaz ikasteko aukera ederra dela uste dute koordinadorakakoek. Elkarlana, gainera, Astraren oinarrietako bat da. Azaldu dutenez, “hamar pertsonak batek baino gehiago pentsatzen dute, eta lan gehiago egin dezakete”. Elkarlana lantolatzeko modu nahiko logikoa izan arren, hala ere, gaur egun indibidualismoa nagusitzen dela uste dute gernikarrek. Horregatik, Astra joera horri aurre egiteko tresna dela deritzote eraikinaren kudeatzaileek.
Hamar pertsonak batek baino gehiago pentsatzen dute, eta lan gehiago egin dezakete”
“Belaunaldi desberdinen arteko elkarlana sustatzeko tresna ezin hobea” ere bada arma lantegi izandako eraikina. Koordinadorako kideen ustez hormarik ez egoteak asko lagundu du belaunaldien arteko harremanak lantzeko. Izan ere, edonork ikusi dezake besteak egiten ari direna, eta berba egiten hasteko aitzakia izan daiteke. “Koadro bat marrazten dagoen adinekoa eta pankarta bat egiten ari den gaztea ezin daitezke berba egiten hasi, margoen aitzakiagaz?”, galdegin dute.
Belaunaldi desberdinen arteko harremanen adibide garrantzitsuena, baina, gurasoekin edo aiton-amonekin Astrara doazen umeena da. “Astran guztiok batzeko lekua dago, eta oso aberasgarria dela deritzogu, gainera”.
Argi daukagu guztiok ez dugula berdin pentsatzen, baina hori ez da arazo bat izan behar”.

Gernikarren arteko harremanak landuz, bestalde, herri izaera indartzen dela uste dute koordinadorakoek. “Argi daukagu guztiok ez dugula berdin pentsatzen, baina hori ez da arazo bat izan behar”. Desberdintasuna ere aberasgarria izan daiteekela deritzote. Izan ere, alkarregaz berba egiteko eta gauza desberdinak adosteko konpromisoa eskatzen du Astrak. “Berba egiten eta gainontzekoen iritziak errespetatzen jakin behar dugu”.
Arlo ekonomikoa
Erabilpen eta parte hartze datuak oso positiboak izan dira, baina baita datu ekonomikoak ere. Diotenez, autogestioaren bitartez kudeatutako proiektu bat sortzerakoan beti dago “beldur apur bat”. Astran, gainera, lanaldi erdiko bi soldata ordaindu behar dira. Hala, proiektua “bideragarria” dela ikustea oso pozgarria dela deritzote.
Astrako proiektuak bideragarria dela ikustea oso pozgarria da koordinadorako kideentzat”

2013an 30.000 euro inguruko laguntza ekonomikoa jaso zuen Astrak. Koordinadorakoek jakinarazi dutenez, “hasierako azpiegitura gastuei aurre egiteko” erabili zuten diru hori, baina aurrerantzean ez dute laguntzarik eskatuko. Herriko eragileek esan dutenez, “erabateko autogestioa lortu nahi dute”.
Iaz, esaterako, Astrako gastuen %86 autogestio bidez ordaindu dituztela nabarmendu dute koordinadorekoek. Udalak, esaterako, ur, argindar, gas eta igogailu gastuak bakarrik ordaindu zituen iaz.
Astra Koordinadorak herritar guztien esku jarri du 2013ko balantzea. Hain zuzen,
www.astragernika.net helbidean jarri dute ikusgai.
2014rako erronkak
2014rako bi erronka nagusi zehaztu dituzte kulturarako fabrika sozialeko kideek. Alde batetik, Astra Gida kaleratuko dute. Azaldu dutenez, “eraikinaren erabilpen gida izango da, eta bertan herritarren zalantzak argitzen saiatuko gara”. Gaineratu dutenez, erraztasunak eman behar zaizkie herritarrei, parte hartzea sustatzeko.

Astra Gida, hala ere, ez da dokumentu itxi bat izango. Koordinadorako kideek nabarmendu dutenez, interneten jarriko dute eskuragarri, eta erabiltzaileek “proposamenak egiteko eta gauzak gehitzeko” aukera izango dute. Prozesu bat izango da, eta prozesu guztietan bezala, alkarregaz ikasten jarraitzea izango da helburu nagusia.
Bestalde, maiatzean Astrako parte hartze prozesuaren 3Km-a abiaraziko du koordinadorak. Alde batetik Astraren bideragarritasuna izango dute aztergai, baina ez bideragarritasun ekonomikoa bakarrik. Izan ere, bideragarritasuna arlo askogaz dago lotuta Astrakoen iritziz.
0Kkm-an jarritako helburuak bete diren zehaztuko dugu 3km-an; eta, hala izango ez balitz, bidezko neurriak hartuko genituzke”
3Km-aren barruan ere, Astraren filosofiari gainbegirada bat emango dio koordinadorak. Dioetenez, “0Kkm-an jarritako helburuak bete diren zehaztuko dugu; eta, hala izango ez balitz, bidezko neurriak hartuko genituzke”.
Orain arteko lanagaz harro egoteko modua dute gernikarrek, koordinadorakoen ustez. Hala, norabide berean jarraitzeko eta Astra erabiltzeko deia egin dute.