11 eta 12 urteko ikasleak otsailaz geroztik ari dira parte hartzen Bermeoko Udalak Eleizaldeko ikastolarekin eta San Frantzisko Herri ikastetxearekin elkarlanean lehenengo urtez bultzatutako ekimenari esker. Udalak jakinarazi duenez, “bai gazte zein irakasleak pozik” daude bizitzen ari diren esperientziagaz. Ekimenak izandako ibilbidea ikusita, 2014-2015 ikasturtean ere martxan jartzea aurreikusten du.

Eñaut Uruburu bertsolariagaz, parte hartzaileak bertsolaritzaren munduan barneratzen ari dira, “oinarritik hasita”. Besteak beste, sormena lantzeko ariketak egiten dituzte Bermeoko aipatu ikasleek, eta, horrez gain, bertsoak kantatzen, idazten, gaiak prestatzen eta inprobisatzen ikasten dabiltza; hartara, bertsolaritzaren ezagutzan sakonduz.
Bermeoko Udaleko Gazteria Sailak dioenez, azken finean, “bertso-eskoletan hizkuntzaren alde ludikoa” lantzen dute, “euskal kultura modu sortzaile eta aktibo batean bizitzeko”. “Bertso-eskolak euskararen erabilera, bizitasuna eta kalitatea handitzeko sortuak dira. Era honetan, herriarentzako erreferenteak sortzen ditu, belaunaldiz belaunaldiko transmisioa eta erreleboa ziurtatuz eta bertsolaritzaren eremu ezberdinak landuz”.