Aste Santuan bisita gidatuak eskainiko ditu Eako Udalak
Iazko udako bisita gidatuen eskaintzak izan zuen “arrakasta» kontuan izanda, Aste Santuan gauza bera eskaintzea erabaki du Eako Udalak. Bisita gidatu horietan, besteak beste, Eako erdigunera eta Urtubiagako burdiolara irteerak eskainiko dituzte. “Herriko paisaia, historia, ondasun historikoaren eta naturalaren aberastasuna ezagutzera emateko ekimena da”, azaldu du udalak.
Bisita gidatuen eskaintza iaz jarri zuen martxan Udalak. Garai hartan Eako erdigunera, Bedaronara eta Natxituara egin zituzten bisitak. Orain, Aste Santua aprobetxatuz, irteerak goizez zein arratsaldez eskaintzeko asmoa dauka udalak. “Parte hartzaileek herriko historia ezagutzeko eta Earen hiri-antolamendu berezia ezagutu ahal izango dute, portua eta hondartzaz gozatu, eta baita Talako Amaren baselizara igo ere”, gaineratu dute Eako udal ordezkariek. Bisita gidatuan, besteak beste, Urtubiagako burdinolaren historia ezagutzeko aukera eskainiko dute, “herriko garapenerako hain garrantzitsua izan zen ondarearen altxorra”, hain zuzen ere. Lau egunetan izango diren bisita gidatu horiek euskaraz, gazteleraz eta ingelesez izango dira, eta ordu eta erdi inguruko iraupena izango dute. Interesa duenak aurretik eman beharko du izenak, 649-354 834 telefono zenbakira deituta, edo eabisitak@gmail.com helbidera idatzita. 12 urtetik beherakoentzat doan izango da sarrera, eta helduentzako 5 euroko kostua izango du. “Erretiratuek, elbarriek, langabeek eta ikasleek, aldiz, 3 euro ordaindu beharko dituzte”.