
Gernika-Lumoko Udalak Pasealekuko hegoaldeko eraikina desafektatu dezan eskatuko dio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari. Hain zuzen, EAJk aurkeztutako mozio baten bitartez onartu du eskaera egitea udalbatzak. Hezkuntza Sailaren baimena jasoz gero, eraikina kudeatzeko eta erabiltzeko aukera izango luke udalak.
Luis Ortuzar EAJko zinegotziak azken osoko bilkuran azaldu zuenez, bi eskaera nagusi egiten dizkio udalak hezkuntza sailari: eraikina desafektatzea erabilerarik ez daukalako, eta bidezko erantzuna lehenbailehen ematea, desafektatze prozedura has dadin.
Ortuzarrek nabarmendu zuenez, “orain arte kontrako erantzunak jaso ditu udalak, baina baikor izateko arrazoiak ditugu oraingoan”. EAJko ordezkariaren berbetan, Hezkuntza Sailagaz batu dira, eta desfekatze prozesuari hasiera emateko prest azaldu da berori. “Guztia ondo azaldu ostean, arazorik ez dela egongo esan ziguten”.
Bilduko udal ordezkariak ados agertu ziren Ortuzarrek argudiatutako guztiagaz, baina erabakia Pasealekuko parte hartze prozesuaren amaieran hartzeko eskatu zuten, prozesu horrekiko errespeatuagatik.
Ortuzarrek azaldu zuenez, baina, eskaera lehenbailehen eginez gero, denbora baliotsua irabaziko luke udalak. Azkenean, udalbatzak aho batez onartu zuen eskaera egiteko mozioa.