
Loli Astoreka, Miren Gojenola, Ana Elordi eta Zuhaitz Gurrutxaga
Lagun minak izan arren, ikasketak amaitu ondoren ia 30 urtez elkar ikusi barik egon dira Txaro, Mertxe eta Angela, eta 50 urte betetzear daudela elkartuko dira berriro. Bizitzaren joan-etorrian, nork bere ametsetako batzuk bete ditu, baina ez guztiak, hiruretako bat ere ez baita ama. Elkarrekin, amets hori egia bihurtzeko dauzkaten aukerak aztertuko dituzte, eta horretarako laguntzaile egokia izan daitekeen eta hiruren gustukoa den gizon gazte bat hautatuko dute: Joxerramon. Hari zuzendutako galdera zuzena da: “Hiru espermatozoide utziko al zenizkiguke?”. Hari horri tiraka, ohiko familiaren estereotipoetatik aldendu, eta eredu berri bat proposatzen du Txalo ekoiztetxearen
Hiru antzezlanak.
Juan Carlos Rubio gidoigile eta antzerkigile espainiarraren
Tres komedian oinarrituta dago Txalok gaur bertan Gernika-Lumoko Lizeo Antzokira dakarren antzezlana, eta, Begoña Bilbaoren hitzetan, “zentzugabekeria bat” da, “barre eginarazteko makina bat”. “Ikusleak izan dezake pertsonaiekin identifikatzeko aukera, baina oso komedia zoroa da. Helburu nagusia dibertitzea da, ondo pasatzea”, esan du euskarazko bertsioaren zuzendariak.
Umore tonua une bakar batean galdu ere egin barik, printzipioz absurdo dirudien egoera bat hausnarketarako proposamen bihurtuko du
Hiruk, eta erakutsiko du ohiko familia ereduak ez ezik, guraso bakarreko unitateak eta sexu berekoen arteko ezkontzak areagotu direla azken garaian.
Hartara, elkarrekin proiektuak konpartitzen dituzten pertsonek familia bat osa dezaketela erakusten du Txalo ekoiztetxearen antzezlanak, horretarako ezinbesteko oinarria bikote heterosexuala izan beharrik gabe. Horrez gain, amatasunari buruzko gogoeta bat egitera ere bultzatzen du
Hiruk; hain zuzen, amatasunaren aukera atzeratzen uzten dutenen bizipenen inguruko hausnarketa.
Aurpegi ezagunak
Aktore ezagunak izango dira, gainera, Gernika-Lumoko Lizeo Antzokiko taula gainean. Loli Astoreka, Ana Elordi eta Miren Gojenola dira
Hiruren emakumezko protagonistak, eta Zuhaitz Gurrutxaga gizonezko bakarra, aita izateko hautatua. Euskara batuan ariko dira laurak, baina zenbait unetan nork bere etxeko euskarara hurbil dezake esaten duena.
Ordu eta erdiko saioa izango da gaur bertan 20:30etik aurrera ikusi ahalko dena, eta sarrerak 12 euro balioko du (Lizeo An tzokiko Lagun Txartela daukatenen kasuan, 9 euro).