
Gotzon Basaras ELAko ordezkaria, Marisa Etxebarria Totorikaguenako langilea eta Alexis Rodriguez LABeko ordezkaria
Totorikaguena enpresako jabeen jarrera onartezina dela iritzita, Totorikaguena supermerkatuetako beharginek greba mugagabea hasi dute gaur. Enpresako beharginen eskubideen defentsan, inorentzat gustukoa ez den erabakia hartu behar izan dutela nabarmendu dute langileek. “Enpresako jabeei ez zaizkie inporta langileak ezta behargin horien hamasei familiak ere”. Hala, Totorikaguenako beharginek aurrerantzean antolatuko dituzten protestetan parte hartzeko deia egin diete gernikarrei.
Langileek jakinarazi dutenez, manifestazio bat deitu nahi dute herriaren babesa jasotzeko. Momentuz ez dute data zehatzaren berri eman, baina laster izango dela esan dute. Bestalde, datozen egunetan informazio gune bat jarriko dute Merkurio iturriaren ondoan, gernikarrek arazoaren berri izan dezaten.
Enpresak iragan astean jakinarazi zien langileei dendak itxiko dituela, eta behargin guztiak kaleratuko dituela. Azaldu dutenez, lan tokian jarritako paper baten bitartez izan dute neurriarren berri. Hala, langileek ez dute Totorikaguenako jabeen jarrera ulertzen. “Ez dira gai izan aurpegia emateko ere, eta ez dute akordiorako jarrerarik agertu”.
2013ko abendu aldera beharginak protestaka hasi zirenean, enpresak zenbait proposamen egin zituen. Hasiera baten soldata %33a bajatzea proposatu zuen, eta, ostean %22a bajatzea. “Soldata jeitsita ere, baina, Totorikaguenak ez du inolako bermerik eman lanpostu guztiak mantendu daitezen”. Gainera, enpresak hiru hilabeteko soldata zor diela nabarmendu dute.
Arazoa konpontze aldera, langileek batzeko deia egin diote enpresari, berriro ere. “Beharginok akordio batera heltzeko prest gaude, baina enpresak berme minimo batzuk emanez gero”. Diotenez, zaila izango da egoerari buelta ematea, baina borrokatzea baino ez zaie geratzen, Totorikaguenaren jarrera ikusita.
“Protestak hasi genituenetik, behin bakarrik batu gara enpresako arduradunekin. PRECOagaz egindako batzarrera ere aholuratzi zerbitzu bat bidali zuen Totorikaguenak” esan dute langileek.
http://youtu.be/JgiiBoRZ1eE