
Ibilaldiko ibilbidearen aurkezpenaren momentubat
Joan den otsailean Ibilaldiren abestia aurkeztu ostean, oraingoan bideokliparen aurkezpena egingo du Ibilaldia Elkarteak. Hain zuzen, Ibilguneko tabernan jendarteratuko dute ikastolen aldeko jai eguneko bideoklipa, barikuan.
Bideokliparen aurkezpena 20:30ean egingo dute, eta, horren ostean, Obieta eta Esteibarregaz dantza egiteko aukera izango dute bildutakoek. 21:00ak aldera hasiko da erromeria.
Zapaturako, bestalde, Ibilaldiaren aldeko mus txapelketa antolatu dute gernikarrek. Mus txapelketa ere, Ibilguneko tabernan egingo dute. 16:00etan zabalduko dute izen ematea, eta ordu erdi beranduago hasiko da karta jokoa. Bikoteko hamar euro ordaindu behar dituzte interesatuek.
Nabarnizko zozketako zenbaki saridunak
Joan den asteburuan ere, Ibilaldia elkarteak jai giroa ekarri zuen eskualdera. Nabarnizen, esaterako, zapatuan murgildu ziren jai giroan. Besteak beste, pilota partidak, bertso saioa, triki-poteoa eta afaria antolatu zituzten.
Bestalde, nabarniztarrek antolatutako zozketaren zenbaki saridunak ere eman zituzten jakitera. Hurrenez-hurren, 1.073a (bi lagunentzako gau bateko egonaldia Lurdeia landetxean), 1.304a(Eroskik emandako otzara) eta 1.078a (ardo botila kaxa) dira zenbaki saridunak.