Bermeoko Sollube 707 mendi taldearen eskutik, Munarriz Munarriko ibilbidearen lehen zatia egiteko aukera izan zuten domekan bermeotarrek. Eguraldiak lagundu ez arren, hasi eta amaitu egin zuten ibilaldia parte hartu zuten 20 pertsonek.
08:30ean elkartuta, Bermeotik Solluberako tartean orain arte aurkitutako munarriak ezagutu zituzten parte hartzaileek. Ibilbide erditik aurrerako txingorra ere ez zen oztopo izan ordura arte «harri huts bezala» ikusten zituztenak hobeto ezagutzeko. Hala, lau-bost ordutan zehar, munarriak bisitatu eta horien gaineko azalpenak jaso zituzten.

Antolatzaileek azaldu dutenez, eguraldi kaxkarraren ondorioz jende gutxiagok parte hartu zuen ibilbidean; hori dela eta, uda partean ibilbide bera antolatzeko asmoa erakutsi dute, «eguraldi hobeagaz egin ahal izateko». Sollube 707 taldearen arabera, momentuz, zortzi munarri aurkitu dituzte, eta beste lau desagertuta daude, zenbait obra eta aldaketa tarteko. Oraindik, hala ere, beste hainbat aurkitzea espero dute; hori, baina, «ez da hain erraza».
Horiek guztiak ezagutarazteko, domekan egindako lehenengo zati horrez gain, Sollubetik San Juanera eta San Juanetik Bermeorako tarteak ere ezagutzera ematea da taldearen asmoa.
Bermeoko munarri horien kokapena eta ezaugarriak biltzen dituen liburuxka kaleratu du Sollube 707 taldeak eta horretariko ale bana jaso zuten domekan bertan parte hartzaileek. Horren bitartez, 1236. urtean, 1285ean, 1366an eta gaur egun Bermeoren mugak zeintzuk izan diren zehazten dituzten mapak ere batu dituzte lan horretan eta baita munarri horietara ailegatzeko bidea zein den ere. Hori guztia erta gehiago 16 orritan bildu dute. Halaber, interesa duenak munarrien liburuxka hori Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean doan jaso dezakela gogorarazi du mendi taldeak.