
Gaurko saioa
Bertsolari Gazteen XXII. Sariketako azken finalaurrekoa jokatu da gaur Igorreko Lasarte aretoan, taula gainean Arratiako eta Busturialdeko bertsolariak zirela. Bertokoek ez dute txapelketan aurre egiterik lortu, eta, beraz, finala Lea-Artibairen eta Arratiaren artekoa izango da. Barikuan izango dira aurrez aurre, 19:00etan, Bilboko Kafe Antzokian.
11 puntuko aldeagaz irabazi dio Arratiak Busturialdeari; hain zuzen, 381,50 puntu zenbatu ditu Arratiak, eta 370,50 Busturialdeak. 18 urtera artekoen taldeko Lurdes Ondarok, Beñat Bilbaok eta Eneko Aldanak Arratiako Aitor Asua, Lur Ziarrusta eta Jon Larrabide izan dituzte aurkari. Busturialdeko bertsolariek kanpokoek baino emaitza hobea lortu dute, Arratiak 148,50 puntu batu dituen artean bertokoek 154 lortu baitituzte. Dena den, haien lana ez da nahikoa izan finalerako txartela lortzeko.
Izan ere, 19 urtetik 24 urtera artekoen taldea osatu duten bertoko bertsolariek– Koldo Muñiz, Asier Galarza eta Koldo Gezuraga– 216,50 puntu lortu dituzte euren mailan, Arratiak 233 bildu dituen artean. Hori horrela, bi emaitzak batuta puntuazio altuagoa lortu dute arratiarrek, finalerako sailkatuz.
Garaipena lortuz gero, 1.260 euroko saria irabaziko dute Lea-Artibaiko taldea osatzen duten Aitor Ruizek, Graxi Arregik, Naroa Loiolak, Aissa Intxaustik, Eneko Arratek eta Nerea Ibarzabalek; kontrara, bestalde, 900 euro irabaziko dituzte.