Zinema aretoak bete-bete egin dira joan den asteburuan. Txarteldegietan
jende ilada luzeak egon dira. Emilio Martinez-Lazaroren
8 apellidos vascos filmak ikusmin handia sortu du batean eta bestean. Horrela,
Gernika-Lumoko zinema aretoak «sarrerak agortuta» jartzen zuen kartela ipini behar izan du egun bat baino gehiagotan. Ondorioz, asteon barriro proiektatuko dute
8 apellidos vascos filma.
Martxoaren 15eko asteburuan hasi zen sukarra. Eta joan den asteburuan sukar hori Busturialdera ailegatu zen. Horren adibide da Gernika-Lumoko Lizeo antzokian gertatutakoa.

Filmeko fotograma bat.
«Sarrerak agortuta geratzeaz gain, jendeak hurrengo eguneko saiorako sarrerak erosten zituen, aurretiaz», azaldu du Gernika-Lumoko Lizeo antzokiko kideak.
Eta herritar askok filma ikusi nahi dutela eta, Gernika-Lumoko Lizeo antzokiak asteburu honetan ere karteldegia errepikatuko du. «Barikuan antzerkia dago eta ez dugu proiekziorik eskainiko, baina zapatuan, domekan eta astelehenean bai».
Horrela ba,
8 apellidos vascos filmak beste behin Gernika-Lumoko aretoko protagonista izaten jarraituko du, beste asteburu batez. Eta filmaren inguruko iruzkinak, ikuslegoari gustatu ala ez, herritarren ahotan egoten jarraituko dute.
Onerako zein txarrerako,
8 apellidos vascos filmak zeresana eragin du, behintzat.
Ordutegia: Gernika-Lumoko Lizeo antzokia
- Zapatua, martxoak 29. 19:00etan eta 22:00etan.
- Domeka, martxoak 30. 19:00etan eta 22:00etan.
- Astelehena, martxoak 31. 20:30ean.