Errestaurazioa eta karakterizazioa helburu, Kortezubiko Omako basoan I+G+b proiektu bat garatzeko hitzarmen bat sinatu zuten iaz Euskoikerrek (UPV-EHU), Urremendi Landa Garapen Elkarteak eta Bizkaiko Foru Aldundiak. Iaz hasi zituzten basoa leheneratzeko lanak, eta 2015era arte iraungo dute, baina lehen emaitzak ikuskatzen izan dira asteon. Hain zuzen, Miren Josune Ariztondo Kultura diputatua, Agustin Ibarrola artista eta Fernando Bazeta doktorea eta EHUko Letretako Fakultateko irakaslea izan dira Kortezubin, lanak bertatik bertara ikusten.

Erdian, Agustin Ibarrola; eskuinean, Miren Josune Ariztondo
Helburu nagusia basoaren landaretzaren garapena kontrolatzea da, “batez ere kontserbazio egoera zainduz eta formulak ikertuz eta etorkizunean mantendu ahal izateko sistemak esperimentatuz”. Dena den, zuhaitzen errolda bat egitea; landare inbaditzaileak kentzea edo gutxitzea; eta basoaren azalpen, didaktika eta hedapenerako gabeziak aztertzea ere badauzka proiektuak helburu.
Bide horretan, hiru sektoretan banatu dute basoaren eremua, eta beste horrenbeste izango dira kanpainak. 2013an mendebaldeko sektorean jardun zuten, eta 2014an eta 2015ean erdialdeko sektorean eta ekialdeko sektorean ariko dira. 2013koa amaituta, unitate estetiko guztiak leheneratu dituzte, margotutako zuhaitzen jatorrizko tonalitateak leheneratu dituzte eta landarediz estalita zeuden multzo estetikoak agerian utzi dituzte. Halaber, zenbait proposamen egin dituzte baso margotuaren kultur aprobetxamendua hobetzeko.
EHUko ikasleak beharrean
2014ko eta 2015eko kanpainetaran basoaren sektore guztiak eta unitate estetiko guztiak leheneratu gura dituzte, “Agustin Ibarrolak margotutako basoaren irudi iradokitzaile eta misteriotsua berreskuratuz, erabat aprobetxatzeko eta zentzumenekin eta emozioekin gozatu ahal izateko”.
EHUko Ondasun Kulturalak Kontserbatzeko eta Leheneratzeko Gradua egiten dabiltzan ikasleak ari dira Kortezubin lanean, bide batez kontserbazio eta leheneratze teknika berritzaileetan prestatzen diren artean.