
Jose Antonio Aranda Euskalmeteko arduraduna, globo zundaren inguruko azalpenak ematen. Argazkia: Aranzadi.
Astebururako bisita gidatu berezi bat antolatu du Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Centerrek, domekan Meteorologiaren Mundu Mailako Eguna dela eta. “Zientzia garrantzitsu horri keinu” bat eginez, meteorologiagaz lotutako bisita gidatu batean parte hartu ahalko dute herritarrek. Hori bai, hogei lagunentzako lekua baino ez dagoenez, erreserba egitea ezinbestekoa dela esan du Aranzadi Zientzia Elkarteak kudeatzen duen zentroak.
Domekan bertan izango da bisita gidatua, 10:30ean, gazteleraz. Hogei lagunentzako lekua baino ez dagoela eta, 699-8399 202 zenbakira deituta eman beharko da izena. “Hegaztiak behatzeko aukera izateaz aparte, hegaztiengan faktore meteorologikoek duten eraginari buruzko hainbat aspektu ezagutuko dituzte” bisitariek. Gainera, globu zunda baten jaurtiketa zuzenean ikusteko aukera edukiko dute, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dagoen zunda-jaurtitzaile bakarra Gautegiz Arteagako zentroan dagoela baliatuta.

Globo zunda bat
2012an hasi zen Euskalmet Urdaibai Bird Centerretik globo zundak jaurtitzen. Bertan jarritako sistema horrek “automatikoki irrati bidezko zundak jaurtitzen ditu atmosferara, eta tenperatura, hezetasun erlatiboa, presioa eta haizea neurtzen du lurrazaletik, 30 metrotik hasi eta 25 kilometroraino”. Hala, troposferako eta estratosfera zati bateko aire geruzen datuak bidaltzen dizkio Euskalmeti.
Urdaibai Bird Centerrek nabarmendu duenez, datu horiek oso garrantzitsuak dira hainbat fenomeno meteorologiko ezagutzeko eta ulertzeko; esate baterako, ekaitzak, galernak, elurteak, enbatak eta bero boladak. Datu horiekin iragarpen meteorologikoak hobetzea eta katastrofeen prebentzioa egitea dauka euskal meteorologia agentziak helburu.