
Eusko Jaurlaritzako eta aldundiko ordezkariak eta Ibarrangeluko alkatea, atzo, Garteizen
Ibarrangeluko Udalak duela hiru urte aurkeztutako proiektua onetsi, Jaurlaritzak diru laguntza eman eta egin beharreko obrak egin ostean, Garteiz auzoko baserrietako urak modu naturalean arazteko sistema martxan dago. Dagoeneko, beraz, landare makrofita flotatzaileen bidez ari dira arazten hango baserrietako urak.
Proiektu pilotua da Garteiz auzokoa, eta 145.000 euroko aurrekontuagaz gauzatu dute. Jaurlaritzak %100ean finantzatu duen heinean, instalazioak ezagutzen izan dira Josean Galera Ingurumen sailburuordea, Amaia Barredo Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren zuzendaria eta Iosu Madariaga Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen diputatua, Jesus Mari Ziluaga alkatearekin batera. Azken horrek azaldu duenez, arazteko sistema tradizionala ordezkatzen du Garteizkoak, eta punpaketa sistema bat jartzea baino merkeagoa da, “ez bakarrik obra egiterakoan, baizik eta mantenua egiterako orduan ere bai”. Hori dela eta, pozik da proiektua martxan jarri izanagaz.
30 metro koadro inguruko eremu bi atondu dituzte arazte sistema berritzailea ezartzeko, eta makrofita espezie bi landatu dituzte bertan. Hain zuzen, eremuetako batean
Phragmites Australis lezka autoktonoa landatu dute, eta bestean
Typha Latifolia espezie aloktono baina ez inbaditzailea. Urak arazteko landare horien gaitasun garbigarria baliatzen du sistemak, eta baita oxigenoa transferitzeko daukaten ahalmena ere.