
Joan den astean, Jose Antonio Retolaza ohorezko euskaltzaina eta Kili-Kili aldizkariaren sortzailea hil zen. Retolaza Bilbon jaio zen, 1929an. Hala ere, lotura berezia zuen Busturialdeagaz. Izan ere, 36ko gerran Bilbo utzi zuen Muxikara joateko. Bertoko herriko biztanleen eta euskaltzainaren arteko harreman estuaren adibidea da, esaterako, 1995ean udalak omenaldia egin izana.
Euskara biziki maite zuen Retolazak. Irakaslea, idazlea eta abadea izan zen, eta esparru desberdin horiek guztietan lan eginez, euskara bultzatzeko ahalegina egin zuen. Hala, 1975ean, Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen; eta 2000an, bestalde, ohorezko euskaltzain.
1957an Teologia ikasketak amaituta, Atxondora joan zen abade. Bertan eman zuen Euskal Herriko euskarazko lehen meza, 1959ean. Arrazola auzoko elizaren sarreran, oroigarri bat jarri zuten 2002an, gertaera hori gogoratzeko.
Abade zela hasi zen idazten Retolaza. Jaime Kerexetak bultzatuta, Jesukristoren Barri Ona, eta Eguneroko Meza idatzi zituen, 1958an eta 1962an.
60ko hamarkadan, bestalde, irakasle ibilbidea hasi zuen. 1963an, adibidez, bertoko bizilagunak euskaraz irakasten zuela salatu zuen Elorrioko alkateak. Retolaza, Funcor ikastetxeko zuzendaria zen, baina gobernadoreak eta gotzainak kargua uztera behartu zuten.

Retolazaren omenezko oroigarria Arrazolako elizaren sarreran
1966an sortu zituen Kili-Kili aldizkaria eta izen bereko pertsonaia Bilboko San Antoneko Euskal Katekesiaren babesean. Umeen artean euskara desagertzen ari zelako sortu zituen.
Retolazak arrazoi asko aurkitu zituen Kili-Kili izena hautatzeko. Umeentzako oso aproposa zela uste zuen haurren algarak irudikatzen zituelako. Bestetik, berbaren esnahiak orduko agintarien artean susmorik ez zuela sortaraziko uste zuen. Ez zen hala izan, 1968an aldizkaria debekatu baitzuten.
Hasiera baten, Bizkaiko umeen artean banatzen zuten aldizkaria, eskuz eta dohainik. 1968-rako, baina, 2000 aleko tirada zeukan Kili-Kilik. Aldizkariak euskararen aldeko jarrera sendoa agertzen zuen, eta irakurleei euskeraz idatz ziezaioten eskatzen zien Retolazak.
Gazteen euskarazko idazkera txarra ikusita, Kili-Kili Sariketa Nagusia sortu zuen Retolazak, alfabetatzean aurerrapausoak emateko. Norabide horretan ere, Kili-Kili teilatu bako ikastola proiektua jarri zuen martxan. Egitasmo horren barruan, herriz herri ikastaroak ematen zituen. Horretarako, Lan eta Lan izeneko koadernoak asmatu zituen. Bizkaieraz, gipuzkeraz eta lapurteraz argitaratu zituen.
Egoera politikoa apur bat aldatzean, Kili-Kili aldizkariak argia ikusi zuen berriro ere; eta, aurrerantzean, hainbat ekintza antolatu zituen gazteen artean euskara errotzeko.