
‘Bizipoza’-ko pertsonaiak
Ekainaren 1eko jaiegun handia orduko, motorrak berotzeko lanean darrai Ibilaldi Kulturalak, eta asteburu honetarako ere badakar ekitaldirik. Batetik, bihar Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek
Bizipoza taularatuko dute Jai Alai pilotalekuan, eta, bestetik, domekan
Aupa Maurizia! ikuskizunak zeharkatuko ditu herriko kaleak.
Baten faltan bi izango dira Pirritx, Porrotx eta Marimototsek eskainiko dituzten saioak. 16:30ean izango da lehenengoa, eta 19:00etan bigarrena. Baterako zein besterako, 8 euro balio du sarrerak, eta Seber Altube ikastolan eta Ibilaldiko dendan eskura daitezke. HITZAk Ibilaldia Elkarteak emandako zortzi lagunentzako bina sarrera zozkatu ditu eta ondorengoak izan dira irabazleak: Mari Loli Kobeaga (Aulesti), Ainara Aranburu (Aulesti), Elisabete Totorika (Gernika-Lumo) eta Saioa Fernandez (Markina-Xemein) 16:30eko saiorako, eta Olga Ojeda (Bermeo), Arantzazu Garagarza Mendizabal (Mutriku), Alberto Juarez (Mutriku) eta Joana Urrutia (Gernika-Lumo) 19:00etakorako.
Iazko azaroan estreinatu zuten
Bizipoza ikuskizuna. Berorren bidez, elkartasunaren garrantziaz ariko dira pailazoak eta, zelan ez, erritmo eta kolore askotariko abestiak baliatuko dituzte Jai Alain bildutako umeen eta helduen artean bizipoza zabaltzeko.
Leku itxian beharrean, bestalde, kalean bertan izango da etziko ikuskizuna. 12:00etan Ibilguneko tabernatik abiatuko da Oreka TX musika taldearen eta Lekeitioko Kale Antzerkiaren Nazioarteko Jaialdiaren artean eta Josu Camararen (Kukubiltxo) laguntzagaz sortutako
Aupa Maurizia!, eta kalez kale ikusi ahalko da ondoren. Maurizia, Leon eta Fasio herri musikari historikoak ibiliko dira Gernika-Lumoko kaleetatik, marioneta erraldoi bihurtuta.
Bizipoza
- Noiz. Bihar, 16:30ean eta 19:00etan.
- Non. Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekua.
- Prezioa. 8 euro.
- Saltokiak. Seber Altube ikastola eta Ibilaldiaren denda.
- Sinopsia. Pailazoak irripidean barrena abiatzera doaz Panpoxa furgonetan. Txernobyldik datorkien laguna jasoko dute aireportuan. Marimotots Panpoxa martxan jartzen saiatu da, baina ezin: motorra puzkerka hasi da, ke artean eztulka. Arduratuta daude gure lagunak, aireportura nola iritsi ez dakitela. Laguntza ez zaie faltako, eta konturatuko dira bizkarra emanaz elkarri denok garela elbarri. Kantuan eta dantzan, bizipozez eta auzolanean, mundu berri bat dugu zain.
Aupa maurizia!
- Noiz. Etzi, 12:00etan.
- Non. Ibilguneko tabernaren aurrean hasi, eta herrian zehar.
- Prezioa. Doan.