2013ko ekainaren 15ean Miarritzen (Lapurdi) aurkeztutako bide orriari jarraituz,
Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko kideek konponbide prozesuan beste urrats bat emango dute bihar Altsasun (Nafarroa) egingo den agerraldian. Aurreikuspenak betez gero, bihar, iheslari ohien kolektiboa aurkeztuko dute eta orduan emango dituzte iheslarien itzulerari buruzko xehetasun gehiago.
Iazko ekainean egin zen eta Herria dugu arnas leloa zeraman ekitaldiarekin, EIPK-k azken 50 urteotan Euskal Herriak bizi izan duen gatazka politikoa gainditzeko eta konponbidean aurrera egiteko urratsak emateko borondatea agertu zuen . Bada, biharko deialdia orduan erakutsitako konpromisoaren haritik dator.

Iheslarien esanetan, gizartea baldin bada gatazka politikoaren konponbiderako protagonista nagusia, haren ondorioak gainditzeko protagonista ere bada. Eta bide horretatik, iheslari ohien kolektiboaren bitartez, herri eta eskualdeek erabaikko dute nola ekiten dioten iheslarien itzulerari.
Martxoaren 8an Berriak argitaratutako albistean jaso modura, itzulera urratsez urrats egingo da.
Iheslari ohien kolektiboak sortuko dituzte herri edo eskualdeka; gatazkaren ondorioak gainditzeko jendartea protagonista dela diote iheslariek
Lehenengo urratsean Espainiako justiziarekin arazorik ez duten iheslariak itzuliko dira. Izan ere, Miarritzeko ekitaldian plazaratutako gogoeta oinarritzat hartuz, haien egoera erregularizatzeko urratsa egin zuten hainbat iheslarik. Eta Espainiako kontsulatuak pasaporteak egiteko eskari gehienak onartu zituen. Ez guztiak, hala ere. Izan ere, Ipar Euskal Herrian bizi publikoa egiten duten zenbait iheslariren aurkako prozedurak indarrean daude oraindik Espainian. Itzuliko balira presondegira sartuko lituzketela jakinarazi zieten kontsulatuan.
Arrazoiak eta ondorioak
Iheslari politikoen errealitatea ez zela ETArekin hasi esan zuten ekainean. Eta datozen belaunaldietan iheslari politikorik ez egoteko, gatazka politikoa eragin duten arrazoietan sakondu behar dela nabarmendu zuten.
Arrazoietan sakontzeaz batera, ondorioei ere ekin behar zaiela diote iheslariek. Eta hain justu, puntu horretan kokatzen dute itzuleraren urratsa. «Guztiok herri libre batean bizi gaitezen», azaldu zuen Miarritzeko ekitaldiaren aurkezpenean Jokin Aranalde EIPAKren ordezkariak.
Itzulera errealitate bihurtzeko, gutxieneko beharrak bermatu behar direla diote
Iheslarien amaiera azken iheslaria itzultzean helduko dela behin eta berriz esan dute. Eta egiten duten adierazpenak kutsu kolektibotik egiten dituztela ere behin eta berriro errepikatu dute. Bada, oraingoan ere bide beretik joko dute.
Itzuleraren urratsak
Iheslari ohien kolektiboaren sorreraren arrazoiak ematerakoan, ehunka eta milaka izan direla diote. Konponbidearen ildoan eta sorterrirako bidean iheslari ohien ekarpena «funtsezkoa» dela deritzote. Eta bide horretatik, kolektibo horrek antolatuko du iheslariei harrera egiteko prozedura herrietan.
Itzulera errealitate bihurtzeko, gutxieneko beharrak bermatu behar direla diote. Eta orduan, «molde ordenatuan» itzulera egikaritu egin ahalko da.
Izan ere, denetariko iheslariak daude: etxea eta familia dutenak, edota etxerik eta familiarik ez dituztenak. Bada, kasu batzuetan, etxea eta lana beharko dituztela diote.
Eta itzulerak beste alor bat bistaratuko du: oraindik itzuli ezin diren iheslarien egoera. Otsailaren 15ean 26 eragilek bat egin zuten iheslarien kolektiboak aurkeztutako bide orriarekin, eta euren konpromisoa erakutsi zuten.
Bada, bihar, xehetasun gehiago plazaratuko dituzte Altsasun.