
Bermeoko portua
Azken denboraleek sakonera aldaketak eragin dituztela ohartarazi du Jaurlaritzak, eta, beraz, jakinarazi du Bermeoko portuko nabigazio-baldintzak aldatuko direla. Hori dela eta, ontziekin portura sartzean edo ateratzean tentuz maniobratzeko eskatu du. Eusko Jaurlaritzako Azpiegituren zuzendari Almudena Ruiz de Angulok azaldu duenez, “denboraleek aldaketak eragin dituzte Bizkaiko portuetan, babes-azpiegituretan zein sarbideko ubideetan, eta horrek ondorioak izan ditzake portuen erabilgarritasunean. Portu-erabiltzaileek arreta-neurri egokiak hartu beharko dituzte”.
Zehaztu duenez, “erresaka eta korronte indartsuek harriak eta bestelako materialak arrastatu dituzte kai zaharraren sarreraraino”. Gainera, zenbait lekutan “sakonera nabarmen gutxitu” dela dio, eta, ondorioz, “bertatik ibil daitezkeen itsasontziei eragozpenak” sor diezazkieketela. Halaber, “portuaren sarreran, kanpoko babes-dikearen alboan, itsasbeheran agerian geratzen den hormigoizko bloke bat dago”. Datozen asteetan balizak ipiniko ditu Jaurlaritzak.