
Gernika-Lumoko epaitegia
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako justizia administrazioko langileek elkarretaratzea egingo dute
epaitegiaren aurrean, 12:30ean, CC.OO, ELA, LAB, CGT eta UGT sindikatuek deituta. Diotenez,
Erregistro Zibila esku pribatuetan uzteko erabakia har lezake Espainiako Ministroen Kontseiluak. Horren ondorioak “erabiltzaileek birritan ordaintzea” izango dela kritikatu dute, eta baita herritar guztien bizitza osoko datuak interes pribatuaren esku utziko dituztela ere.
Eskuduntza daukaten erakunde guztiei (Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza) enplegu publikoa deusezta ez dezatela exijitu diete justizia administrazioko langileek, eta, horrekin batera, “administrazio publikoa aldezte aldera ahaleginak egin ditzatela; hala nola, beharrezko baliabideak eta kudeaketa egokia ezarri ditzatela”. Izan ere, diotenez, horrela eginez gero behar bezalako baldintzak egongo lirateke kalitateko lan eraginkorra eskaintzeko.
Hala, egitasmo pribatizatzaileak bazter uzteko eskatu diote Espainiako Gobernuari, Eusko Jaurlaritzari jendaurrean ager dadila pribatizazio horren eta lanpostuak ezeztatzearen aurka. Azken erakunde horri, gainera, eskuduntza handiagoak lortzeko lan egin dezan eskatu diote.