
Irudian, Errigoitiko udaletxea
Koalizioak azaldu duenez, 2013ko urriaren 3an egin zuten azkenengoz osoko bilkura bat Errigoitin. Hori horrela, gogora ekarri du 5.000 biztanle baino gutxiagoko herrietan osoko bilkurak gutxienez hiru hilabetetik behin egin behar direla, legeak hala agintzen duelako (Toki Araunbidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legea, apirilaren 3koa, EAO 80. zk). Horrenbestez, legea aintzat hartzeko eskatu du EH Bilduk: “Errigoitiko Udala egiten ari den lege haustea etetea eta legeak adierazten duen eran osoko bilkura egitea eskatzen dugu”.
Hutsune hori dela eta, azken bost hilabeteetan zenbait gai aztertu eta eztabaidatu barik gelditu direla salatu du EH Bilduk; besteak beste, udal aurrekontuen prestaketa eta udalari dagozkion beste zenbait: “herriko gertakizunak, fakturak, sarrera-irteerak…”. Halaber, kritikatu du hainbat mozio eta adierazpen instituzional mahaigaineratu barik gelditu direla, eta, ondorioz, horiek aztertzeko aukera galdu dela, gaurkotasuna galdu izanagatik. Adibide gisa, Gernikako ospitalearen, epaiketa politikoen eta Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruko mozioak aipatu ditu koalizioak, eta baita Arkaitz Bellon euskal preso politikoaren heriotzari buruzko eta Espainiako bandera ezartzeari buruzko adierazpen instituzionalak ere.
Eskaera eta salaketa jasotzen dituen idatzia martxoaren 6an aurkeztu zuen koalizioak udaletxean, eta orain erantzunaren zain dago.