
Juan Karlos Agirre azalpenak ematen
Busturialdeko Ur Partzuergoak 2014rako aurrekontua onartu zuen atzo (hilaren 10a), baina gaiak eztabaida piztu zuen eskualdeko erakunde publikoan ordezkaritza duten alderdi politikoen artean. Azkenean, EH Bilduren aldeko botoekin onartu zuen aurrekontua ur partzuergoak. EAJk, bestalde, kontra bozkatu zuen, erakunde publikoko arduradunak “gezurretan” dabiltzala argudiatuz.
Iratxe Arriola erakundeko lehendakaria kanpoan dagoela eta, Juan Karlos Agirrek eman zituen azalpenak ur partzuergoaren izenean. Agirrek jakinarazi zuenez, 2014rako aurrekontua 6,1 milioi euro ingurukoa da, eta inbertsioetarako gastua handitu dute. Hala, aurten 780.000 euro bideratuko dituzte inbertsioetarako.
Oztopoak-oztopo azken hilabeteetako kudeaketa eredua “oso aberasgarria” izaten ari dela esan du Agirrek. Aurreko agintalditik zetorren 2,9 milioi euro inguru zorra, esaterako, ia kitatuta dagoela nabarmendu zuen. Hain zuzen, gaur egun 392.000 euroko zorra dauka partzuergoak, erakundeko kontuetan saneamendu ikaragarria egin ostean.
“Partzuergoko zenbait ordezkarik erakutsi duten mesfidantzari aurre eginez”, azpiegitura sortu berrien mantenimendua erakundeko diru sarrerekin egingo dutela baieztatu zuen Agirrek. Hala, ur partzuergoak hartutako norabidea egokia dela deritzo, eta kudeaketa eredu berdinagaz jarraituz gero, bertoko erakunde publikoa guztiz bideragarria izatea lortuko dutela uste du.
Busturialdeko EAJ, baina, ez dago ados partzuergoko zuzendaritzagaz. Ohar bidez jakinarazi dutenez, aurrekontuen aurkezpena ur partzuergoaren azken bidegabekeria izan da. Jeltzaleek salatu dutenez, “Iratxe Arriolak aurrekontua makilatu zuen otsailaren 20ko Kontseilu Orokorrean”.
Partzuergoko zuzendaritza demagogiagaz jokatzen ari dela deritzo EAJk. Izan ere, zuzendaritzak aurkeztutako datuak faltsuak direla salatu du. “196.765 euro aurreztu beharrean, kudeaketa zuzenak 901.339 eurotan garestituko du erakunde publikoko jarduna”. Hala, herritarrentzat zerbitzu garestiagoa izan dela deritzote jeltzaleek.
Agirrek argitu duenez, baina, zerbitzua ez da garestiagoa izango herritarrentzat. Izan ere, ez dituzte uraren tarifak igoko, inguruko ur partzuergoetan egiten ari direnaren kontrara.