Batasuna zenaren 36 kide eta 110 herriko tabernetako arduradun epaitzen dabiltza 35/02 sumarioan eta gaur da amaitzekoa epaiketa. Elkarte horiek HBren jabetzakoak zirela argudiatu zuen Fiskalak, beraien aurkako neurriak eskatzeko. Hain justu, ETA finantzatzea egotzi zieten hasieran herriko tabernei; orain, baina, «babes logistikoa» egozten dietela azaldu du Aldolfo Araiz defentsako abokatuak. Hori horrela, «defentsa eskubidea urratu» dela salatu du.

Ertzaintza Bermeoko ‘herriko taberna’ miatzera joan zenean, artxiboko irudian
«Armak aurkitu direla herriko batean, eta, hortaz, besteetan ere egon litezkeela diote, baina ez dute armarik aurkitu herriko taberna batean ere», esan zuen atzo Araizek herriko tabernen defentsan.
Halaber, akusazioa «zehazgabetasunez» aritu izana salatu zuen: «Herriko taberna ez da jabetza konkretu baten definizioa; zer da bahitzeko eskatzen dutena?».
Atzoko saioan, gainera, perituen «inpartzialtasuna» jarri zuen auzitan Kepa Landa herriko tabernen defentsako abokatuak: «Perituak parte aktiboa izan dira, eta kontzienteki esan dute gezurra, gainera», adierazi zuen Landak herriko tabernen aurka aurkeztutako txostenaren inguruan. Gainera, Landaren arabera, poliziek eurek onartu dute instrukzioan ez dutela ikertu herriko tabernarik bakarka.
Hori horrela, Landak enpresen inguruan galdera egin zuen: «Poliziak ez al du ikertzen, bere hitzetan, komando bat baino arriskutsuagoa dena? ETAren finantzaketa osoa bada…».
Atzoko saioa bukatuta, gaur dira amaitzekoa Bermeoko, Gernika-Lumoko, Lekeitioko, Markina-Xemeingo, Ondarroako eta Mutrikuko herriko tabernak epaitzen dituen 35/02 auziko epaiketa.