
Bideokliparen grabaketa
2014ko Ibilaldiaren abestia jendaurrean aurkeztu ondoren, Bizkaiko ikastolen aldeko jaialdiaren bideoklipa izango dena grabatzen hasi da Ibilaldia Elkartea. “Lan asko, momentu eta irudi politak” ari da uzten grabaketa. Izan ere, eta aurtengo leloagaz bat eginez, Urdaibaiko bihotz-bihotzean ari dira grabaketak egiten.
Galder Urzaak egindako letra oinarri hartuta, Jon Urriolabeitia gernikarrak ipini dio musika aurtengo Ibilaldiari. Urriolabeitiak berak jarri dio ahotsa ere, Iñigo Eiguren, Gentza Madariaga, Itziar Muniategi eta Antton Uriartegaz batera. Joseba Urruelak baxua jotzen du, Gorka Leonek bateria, Mikel Nuñezek hammonda, Haratz Diezez tronboia, Gorka Fernandezek tronpeta eta Eguzkiñe Jorrinek saxoa. Koruak, aldiz, Seber Altube ikastolako abesbatzeko Maddi Gerrikaetxebarriak, Liloye Richardek, Naia Ellisek, Olatz Erkorekak, Nerea Ordeñanak eta Naiara Sanchezek egiten dituzte.