
Anbulantzietako beharginek greba mugagabea hasi zuten, atzo. Luis Lago Langile Sindilak Batasuneko (LSB) arduradunak jakinarazi duenez, astelehenean bertan batu ziren Bizkaiko anbulantziak kudeatzen dituzten enpresetako arduradunekin, baina ez zuten akordiorik sinatu. Lagok nabarmendu duenez, hurbilketa bat eman zen bilera horretan, baina ez zen erabateko akordiorik egon. Hala, eguaztenean berriro elkartuko dira Ambuiberica eta Bizkaiko Anbulantziak UTE enpresetako arduradunekin. Oraingoan, baina, Angel Toñak bitartekari lanak egingo dituela baieztatu du LSBko arduradunak.
Toña prestigiodun pertsona bat da “sindikatuen zein enpresen artean”. Eusko Jaurlaritzagaz ere egin du lan hainbatetan, eta bitartekari lagungarria izan daitekela deritzo Lagok. “Sindikatuen eta enpresen artean zubi lana egin dezakela deritzogu, baina aurrerantzean ikusiko dugu hala gertatzen den”.
Greba mugagabearen hasieragaz batera, langileen ordezkariek enpresa kudeatzaileekin batzea lortu zuten astelehenean. Negoziazio mahaian berriro jezarri direla eta, enpresetako arduradunek greba bertan behera uztea eskatu zuten, baina beharginek ez zuten onartu. Lagok dioenez, “hurbilketa bat eman da, baina greba mugagabe deialdia bertan behera uzteko baldintzak ez dira bete”.
Bizkaiko anbulantzietako beharginen greba mugagabeak 600 langileri eragiten die. Grebak iraun bitartean, zerbitzu minimoak mantenduko dituztela esan du Lagok. Hala ere, egoerak luzerako joz geroz, beharginek zerbitzu minimoak errespetatzea zaila izango dela ohartarazi du. Lurraldeko hitzarmenaren ultraktibitatea eta langileen eskubideak defendatzeko hasi dute greba mugagabea beharginek.