Lehen aldiz, berdelaren kuotaren barne banaketa bat egin du Espainiak, eta txikizkako modalitatean, Gipuzkoari eta Bizkaiari kuota osoaren %42 egokitu zaie, hau da, 4.000 tona inguru aurten. Hala, kopuruagaz “pozik, baina triunfalismo barik” daudela aitortu dute Eusko Jaurlaritzak eta arrantzaleek, proposamena “justua” delako euren ustetan.

Iaz, otsailaren 28tik martxoaren 6ra bitartean 500.000 kilo berdel sartu ziren Bermeoko portura.
Tirabira handia sortu dute negoziazioek; izan ere, orain arte Asturiaskoek eta Galiziakoek berdelari gutxi erreparatu dioten arren, aurten, zati handiagoa eskatu dute. Horren aurrean, baina, ontzien tonaje kopurua eta ontzi historikoen presentzia kontuan hartzeko eskatu dute euskal arrantzaleek, eta azkenean, eredu misto baten aldeko hautua egin du Espainiako Gobernuak.
Horren aurrean haserre daude galiziarrak, eta kuoten banaketa “geldiarazteko” auzitara joko duela esan du Asturiasko Gobernuak. Izan ere, beraien ustetan, “Espainiako Gobernuak erabili dituen datuak fidagarritasun txikikoak dira”, eta azken urteetan “gehiegi” arrantzatu dutenei mesede egiten diela uste du, “arduraz” jokatu dutenen kaltetan.
Iñaki Zabaleta Bizkaiko kofradien elkarteko presidente bermeotarrak bere aldetik azaldu duenez, Asturiaskoek eta Galiziakoek “eurek ere bizi egin behar dutela” esan diete euskal arrantzaleei, eta horrekin ados da Zabaleta, “baina ez guri flota kenduta”. Hala ere, Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantzaleek datozen bi urteetan, eurei zegokien kuotaren %2,5 Galiziako arrantzaleei ematea erabaki dute, zenbateko ondorio ekonomikoak izango dituzten zehaztu barik.
Arantza Tapia Garapen Ekonomikorako sailburuaren esanetan, euskal arrantzaleek egindako keinu hori “erabakigarria” izan da kuoten banaketa adosteko. “Banaketa honek irizpide sozioekonomikoak eta eskubide historikoak kontuan hartu ditu, eta, horrexegatik, berdelaren arrantzan guztiontzako tokia dagoela ikus daiteke, bai aspalditik berdelaren arrantzan aritu direnentzat, baita hasiberriak direnentzat ere”.
Txikizkako modalitatea, batez ere, Bermeon
Batez ere, Bizkaiko arrantzaleak dira txikizkako modalitatean aritzen direnak, Bermeokoak gehienbat; Gipuzkoakoek, barriz, inguruketa modalitatea erabiltzen dute. Azken horren kuotak ere finkatu ditu Espainiak, baina ez da hainbesteko tirabirarik izan. Abenduan lortu zuten akordioa, eta Gipuzkoarentzat eta Bizkaiarentzat %48ko kuota izan da —3.350 tona inguru—.
Ministro agindua tramitatzen dutenean hasi ahal izango dira arrantzan, hemendik hiru bat astera. Normalean, martxoko lehen astean hasi eta ekainera arte ekin ohi izan diote berdelaren arrantzari, orduan hasten baita hegaluzearena. Aurten, dena den, atzerapenagaz hasiko dira, eta horrek ekonomikoki kalteak sortuko dizkietela deritze arrantzaleek. Prezioei dagokionean, aldiz, iaz baino zertxobait gorago ibiltzea aurreikusten dute arrantzaleek.