Energia berriztagarrien Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lehenengo lanbide heziketa zentroa egiteko bidean, beste pauso bat emango du Gernika-Lumoko Udalak. Hain zuzen ere, Astra eraikinaren inguruko lursaila kutsaduraz garbitzeko lanen bigarren faseari ekingo dio.
323.354 euroko aurrekontua dauka udalak horretarako, eta, jakinarazi duenez, lanek maiatzera arte iraungo dute. Besteak beste, lurraren azterketa zehatza egingo dute, eta baita lursailaren azpiko urena ere. Zundaketa eginda, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren kalitate adierazpena jasoko du Gernika-Lumoko Udalak. Gainera, Jose Mari Gorroño alkateak esan duenez, lortutako informazioa garrantzitsua izango da etorkizun batean bertan energia berriztagarrien inguruko lanbide heziketako zentro bat egiteko.
Behin deskontaminazio lanak bukatuta, behin-behineko aparkaleku bat egokituko du udalak lursail horretan. Lanek iraun bitartean, bestalde, ezin izango da Astrako aparkalekuan ibilgailurik utzi.