Espetxetik at, "poztasun handiz" begiratzen dio etorkizunari Ibon Elorrietak
http://youtu.be/x_OFkccBZEM
Busturialdeko Hitza
Busturialdea
Hilaren 18tik zegoen noiz askatuko zain, eta azkenean gaur goizean hasi du Frantziak busturiarra aske uzteko operazioa, Elorrietaren gertukoek jakitera eman dutenez, eta Madrilera (Espainia) joan dira hurbilekoak bera agurtzera. Oraintsu, eguerdian, ailegatu da Ibon Madrilera, eta, orain, senide eta lagunekin batera, etxerako bidean da. Bilborantz doaz orain kotxean Elorrieta eta gainontzekoak, Irala auzoko lagunak agurtzeko asmoz. Bertatik, Busturira joango dira, eta gau partean, 22:00ak aldera, ailegatzea aurreikusten dute.
“Hamar urte kartzelan igaro ostean, oso pozik” dago Ibon kartzelatik kanpo; betiere, “barruan geratzen direnak eta bidaiak egin behar dituzten familiak gogoan izanez”. Sei hilabeteren buruan beteko du kondena busturiarrak, eta, bitartean, zenbait baldintza bete beharko ditu; esaterak, denbora horretan zehar, lan egin beharko du eta aitaren etxean bizi beharko da. Aurrerantzean ez du sinatzera joateko derrigortasunik izango; izan ere, Frantziako Justiziak ez die jarraipenik egiten baldintzapean aske utzitako presoak herrialdetik kanporatzen dituztenean. Kondena bukatuta, baldintza bakarra izango du etorkizunera begira: ezin izango da inoiz Frantziara joan.
Plan handirik ez du egin oraindik, baina poztasun handiz helduko dio etorkizunari busturiarrak, kartzelaz gaindikoa “oso ezberdina” baita. “Kartzelan geratutako lagunak bisitatu nahi ditut, mendira ere joan nahi dut, urte luze hauetan ni bisitatzen etorri direnekin egon nahi dut…”, dio.
Ibon Elorrietaren kide baten bitartez izan dute busturiarraren askatasunaren barri familiakoek; izan ere, atzotik deiak egiteko baimena ukatuta izan du presoak. Ibon bera “gosez baino ondo” dagoela esan du bere aitak, eta familia, barriz, “urduri, baina inoiz baino hobeto” dagoela aitortu du.
Madrilen, Ibon Elorrieta Frantziatik heldu berri senide eta lagunekin
2004ko otsailean atxilotu zuen Frantziako Poliziak Ibon Elorrieta, Cognac hirian (Frantzia), ETAko logistika taldeko ustezko kidea izatea leporatuta. Luis Enrike Garategaz batera atxilotu zuten. Polizia iturrien arabera, lapurtutako Renault Kangoo furgoneta batean zihoazen ustez ETAkoak ziren bi pertsona horiek errepide kontrol batetik ihes egiten saiatu ziren, baina berehala atxilotu zituzten. Iturri beraren arabera, ustez armak eta lehergailuak zeramatzaten ibilgailuan atxilotu zituzten unean; hain zuzen, “30 kilo amonal, suzko hiru arma, granada jaurtigailuak eta granadak”.
2010eko otsailean epaitu zuten Frantzian, eta 14 urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Besteak beste, preso ohiaren aitak azaldu duenez, “ETAko kide izatea, kotxe bat lapurtzea eta armen fabrikazioan parte hartzea” egotzi zioten orduko hartan. Geroztik, 10 urte igaro ditu Frantziako kartzeletan; lehenengo sei urteak preso prebentibo bezala Fresnes eta Nanterre espetxeetan, besteak beste, eta azken lau urteak Arles espetxean. Haren aitaren arabera, aurtengo abuztuan ziren aske uztekoak, zigorrean ezarritako murrizketak kontuan hartuta. Busturiarrak baldintzapeko askatasuna eskatu zuen iazko irailean, baina abenduan atzera bota zuten eskaera. Erabaki horri helegitea jarri, eta epaileak onartu egin zuen.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.