
Gernika-Lumoko eta inguruetako rock zaleek ederto pasatzeko aukera izango dute asteburuan. Hain zuzen, Iparragirre Rock Elkartearen egoitza berriaren aurkezpena egingo dute herriko musikariek. Hiru urteko egokitzapen lanen ostean, elkarteko kideek herritarrei erakutsi nahi diete egindako behar guztia.
Bihar, esaterako, musika zaleek Rock Elkarte berria bisitatzeko aukera izango dute. 17:00ak aldera, musikariek elkarteko ateak irekiko dituzte. Iparragirrekoek azaldu dutenez, bideo bat proiektatuko dute, eta zenbait argazki jarriko dituzte ikusgai azalpenak ematen dituzten bitartean.
Benetako aurkezpen jaia, baina, etzi egingo dute herriko musikariek. Egun horretarako, rock kontzertuak antolatu dituzte. Alde batetik Dum talde gernikarrak joko du. Kontzertu berezia izango da, lehen biderrez joko baitute jendaurrean. Jaialdiko talde nagusia, besalde, Governors izango da. Jai giroa nagusituko dela iritzita, parte hartzeko deia egin dute Rock Elkartekoek. 21:00etan emango diote hasiera musika jaialdiari.