
Bermeoko liburu azoka
Aratuste martitzena zela-eta atzo atseden eguna eduki ostean, gaur irekiko dute berriro Bermeoko Liburu eta Disko Azoka. Lameran jarritako hamasei erakustokietan, beraz, euskarazko eta gaztelerazko nobedadeak eta euskal diskoak %10eko deskontuagaz eskuratzeko aukera edukiko dute herritarrek datozen egunetan ere, hilaren 9ra arte egongo baita azoka zabalik.
Haur eta gazte literatura, helduentzako literatura, sukaldaritza, historia, itsasoa, euskal gaiak… ugaria da azokaren eskaintza. Asteburuagaz batera, gainera, bestelako jardueraren bat edo beste ekarriko du Bermeora. Izan ere, Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna dela aprobetxatuta, Toti Martinez de Lezea idazlearen berbaldia antolatu du Erroxape elkarteak zapaturako, narrazio laburren XIX. lehiaketaren sari banaketaz gain. 19:00etan izango da ekitaldia, elkartearen lokalean (Erreten Lameran).
Liburu eta Disko Azokak irauten duen artean, bestalde, Idatzietatik kantuetara izeneko erakusketa izango da ikusgai, erakustokietan. Berorren bidez, «euskal kantagintzan izan diren abesti ezagugarrienetarikoen jatorria» ezagutu ahal izango du bisitariak, eta baita «nork idatzi eta zein abeslarik edo taldek abestu dituen ere».
Hala, Lauaxetaren, Jon Miranderen, Gabriel Arestiren, Xabier Leteren, Bernardo Atxagaren edo Kirmen Uriberen letrak Mikel Laboak, Benito Lertxundik, Itoizek, Ken Zazpik… abestu dituzten jakin ahal izango du azoka bisitatzen duenak.