
Itziar Muniategi eta Asier Ordorika
Asier Ordorika (Gernika-Lumo) eta Itziar Muniategi (Gautegiz Arteaga) Gernika-Lumoko Iparragire Rock Elkarteko kideak dira. Duela hiru urte inguru lokal zaharra utzi zuten, Bekoibarra kalera joateko. Hainbat lan egin ostean, Rock Elkarte berria ia amaituta dago, eta martxoaren 7an eta 8an ospatuko dute lanen amaiera. Hain zuzen, ekitaldi txiki bat eta kontzertuak antolatu dituzte. Ordorikak eta Muniategik azaldu dutenez, aldaketa onerako izan da. Musikarientzat zein zaleentzat areto erakargarria izango dela uste dute elkarteko kideek. Gaur egun, 80 pertsona eta hogei musika talde inguru batzen ditu Iparragirrek.
Duela zenbat denbora hasi zenuten lekualdaketa?
Asier Ordorika. Duela hiru urte inguru. Hasieran bi lokalak mantendu genituen, baina ondoren burubelarri hasi ginen prestatzen Rock Elkarte berria.
Nola zegoen eraikin berria zuek heldu zinetenean?
Ordorika. Guztiz hutsik. Ez zegoen entseatzeko lekurik, ezta zuzenean jotzeko aretorik ere. Guztia eraiki dugu guk.
Itziar Muniategi. Hasieratik gaur egunera aldaketa handia bizi izan du Rock Elkarte berriak. Lan asko egin behar izan dugu guztia atontzeko. Inork ez digu ezer oparitu. Hala, gure poltsikoetatik eta ekintza puntualetatik ateratako diruagaz eraiki dugu Rock Elkartea.
Zergatik lekualdatu zineten Goikoibarratik Bekoibarrara?
Ordorika. Rock Elkarte zaharra txiki geratu zitzaigun. Taldeen eta musikarien kopuruak gora egiten zuen etenik barik, eta eraikin handiago bat alokatzea erabaki genuen.
Iraganean bezala, musika areto bat ere izango du Rock Elkarteak?
Ordorika. Lehenengo Rock Elkarteagaz gertatu bezala, herriko musikariak batzeko eta elkarrekin jotzeko gune bat eraikitzea zen lehentasuna. Hala ere, eraikinak eskaintzen zituen abantailak ikusita, areto eder bat egiteko aukera geneukala ikusi genuen. Hori dela eta, aretoa eraikitzea erabaki genuen, kontzertuak antolatzen jarraitzeko.
Zergatik erabaki duzue musika jaialdiak antolatzen jarraitzea?
Ordorika. Herriari bizitasun apur bat eman izan diogu beti, eta horrela jarraitu nahi dugu. Berton sortutako taldeen zein kanpotik etorritako taldeen musika zabaltzen jarraitu nahi dugu. Hasiberriak eta talde garrantzitsuak bertora ekarriz, eskaintza ederra egin dezakegula uste dugu.
Pozik al zaudete lortutako emaitzagaz?
Muniategi. Guk sortutako zerbait da, gure nahien araberakoa. Beraz, oso pozik gaude emaitzagaz. Gure artean lanbide desberdina daukaten pertsonak daude, eta gure eskuekin horrelako zerbait egitea handia dela deritzogu. Auzolanari esker gauza ikaragarriak egin daitezke.
Lekualdaketa onuragarria izango dela deritzozue?
Ordorika. Musikariontzat zein zaleentzat aberasgarria izango da. Rock Elkarteko kideek azpiegitura hobeak dauzkate entseatzeko. Zaleek, bestalde, areto oso on bategaz gozatzeko aukera izango dute, herrigunetik gertuago. Izan ere, Rock Elkarte zaharra ezkutatuta zegoela zirudien. Musikariak gara, eta primeran dakigu musika taldeek eta zaleek nahi dutena. Obrak amaitu aurretik eraikina bisitatu duen jendea, esaterako, harrituta geratu da. Hala, aldaketa positiboa dela deritzogu.
Zerbait berezia prestatu duzue Rock Elkartearen inauguraziorako?
Ordorika. Martxoaren 7an, esaterako, ekitaldi txiki bat egingo dugu. Zenbait azalpen emango ditugu eta Rock Elkarteari buruzko bideo bat proiektatuko dugu. Benetako aurkezpena jaia, baina, hurrengo egunean egingo dugu. Dum gernikarrek eta Governors arrasatearrek (Gipuzkoa) joko dituzte lehen kontzertuak Rock Elkarte berrian. Dum, adibidez, Gernika-Lumoko talde berri bat da, eta lehenengo kontzertua joko du berton. Governors, bestalde, talde aski ezaguna da.