
Eskuinean, CAF-Elhuyar sarien 2013ko zientzia gizartean sorkuntza-beka jaso zuten sei gernikarrak
CAF-Elhuyar sarien 2013ko zientzia gizartean sorkuntza-beka irabazi zuten iaz Arlette Apraiz, Oihane Enbeita, Maider Amutio, Nerea Andres, Doltza Oar-Arteta eta Jaione Ortiz de Zarate gernikarrek. Berorren bidez, baztertzen diren gauzengan ipini dute arreta, “objektuetan, pentsamenduetan zein espazioetan balio berriak aurkitzeko”. Gogoeta hori eginda, Balio berriz balio proiektuaren emaitza jendaurrean azalduko dute sei emakumeek.
Gaur egingo dute aurkezpena, 19:00etan, Astra kulturarako fabrika sozialaren aurreko babeslekuan. Apraizek azaldu duenez, proiektuaren inguruko azalpen txiki baten ostean, “Posible al da
hondakin kontzeptua deuseztatzea?” edo “Zelan berritu balioa, berriz balio dezan?” bezalako galderen inguruan hausnarketarako tartea irekiko dute, eta arte instalazio bat inauguratuko dute ondoren.
Erakusketa martxoaren 2ra egongo da ikusgai. Zapatuan 18:00etatik 20:00etara bisitatu ahalko da, eta domekan 12:00etatik 14:00etara.