Jovenes Burukides Bizkainos. Clientelismo y Fontaneria en el PNV izenburupean kaleratutako liburua aurkeztuko du Ahoztar Zelaieta (1972, Bilbo) ikerkuntza kazetariak eguenean Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan 20:00etan hasita. Euskaraz zein gazteleraz jardungo du, eta liburuaren nondik norakoak azaltzeaz gain, tokian tokiko gaiak izango ditu berbagai biharko hitzorduan. Besteak beste, zenbait jelkideren enpresa pribatuek administrazio publikoagaz duten harremana ikertu du Zelaietak, eta horren deskribapena egin du bere liburuan.
Zer biltzen du liburuak?
EAJko buruzagi barriei zuzentzeko erabiltzen den Jobubi hitza nahiko hedatuta dago komunikabideetan, eta uste dut jendeak horren aurkezpen sozial bat egitea beharrezkoa duela. Hala, Jobubien aurpegi bat deskribatzea erabaki nuen; aurpegi bakarra. Hain zuzen, euren enpresa pribatuen jokaera zen azaldu nahi nuena. Jobubi horien artean zenbaitek enpresa pribatua dute eta administrazio publikoagaz harremana dute. Harreman hori da nik ikertu dudana.
‘Jobubi’-ez ari zara, baina nortzuk dira horiek?
Komunikabide orok aipatzen ditu horiek; nork bere zerrenda egina du. Nik, esaterako, Iñigo Urkullu, Andoni Ortuzar, Jose Luis Bilbao, Jabier Atutxa, Itxaso Atutxa, Esteban Bilbao, Iñigo Iturrate, Koldo Mediavilla, Joseba Aurrekoetxea… ditut, besteak beste, Jobubitzat. EAJren boterea dutenak dira Jobubiak; horretariko askok enpresa pribatu bat dute eta gehienek, batik bat, adminisraritza publikoa dute bezero.
Ikerketa horretarako zein prozesu jarraitu duzu?
Azken 13 urteak hartu ditut ikerkuntzarako kontuan. Liburuan zehazten dut nundik hartu ditudan datuak, nola jaso ditudan eta nola kontrastatu ditudan. Gehienak ofizialak diren arren, kontrastatu egin ditut. Beraien webguneetatik, mugimendu ekologisten salaketetatik, udaletxeko idazkarien txostenetatik, komunkabideetatik… Hala, jasotakoaren deskribapena egin dut.
EAJkoen iritzirik biltzen al duzu?
Liburuan agertzen diren kideen iritziak jasotzeko gonbidapena luzatu nion EAJri, baina azken horrek ez du erantzun. Are gehiago, jakin izan dut gonbidatutako batzuek jaso ere ez dutela egin nire gonbidapena. Nagore Ardanzak, esaterako, erantzuna eman du eta bere bertsioa oso-osorik liburuan bildu dut.
Zer diote jeltzaleek liburuaz ?
Durangoko Liburu Azokan EAJko goi karguko hainbat kide etorri ziren nire liburua erostera; ziengotziak, alkateak… Liburu aurkezpenetara ere joaten dira bai Batzokietako arduradunak, Egiko jendea, baita liburuan aipatzen ditudan buruzagien enpresetako langile batzuk… Hala ere, epaitegietara bidaltzeko mehatxuak ere izan ditut; gaur egunean arazorik izan ez arren.
Baloraziorik batzen al du liburuak?
Nik deskribapen bat egiten dut, kriminologo bezala egindako balorazio legalak, ikerkuntza kazetari bezala egindako balorazio deontologikoak, bozkatzen duen pertsona bezala egindako balorazio etikoak, eta herritar bezala egindako balorazio moralak kanpoan uztita. Beraz, balorazioak irakurleen esku uzten ditut.
Erraza izan al da ikerketa burutzea?
Ez da batere erraza izan; ikerketa egitearen erabakia bera hartzea ere ez da erraza izan eta. Azkenean egitea pentsatu nuen, nahiz eta arriskuak izan.
Zein arrisku, esaterako?
Ondorio isil eta judizialak izaten ditu; barne eta kanpoko presioak. Bizi izan dut lehenago ere epaitegietara joan behar izatea. Bestalde, familian, lagun artean, informazio iturriekin… arazoak sor daitezke. Hala ere, lan idependentea izan da, eta independentzia horrekin eta arrisku guztiekin aurrera egin dut.
Eguenean Bermeon aurkeztuko duzu liburua. Nolako erantzuna espero duzu?
Orain arte hainbat aurkezpen egin ditut, eta batzuetan jende asko izan da, beste batzuetan, barriz, gutxiago. Baina, egia esan, ez dakit nolako erantzuna izango duen. Ni gonbidatu egin naute eta gonbidatzen nauten leku guztietara joaten naiz ni, pertsona bakarra egon edo 100.
Zer azalduko duzu aurkezpenean?
Liburua azaltzeko tarte bat izango dut, baina hori igarota, tokian tokiko gauzetaz ariko naiz, bertaratzen direnen galderen arabera. Liburuan Bermeori buruz agertzen denari buruz, esaterako, sendo ariko gara.