
Muruetako ontziola
Tax-lease delakoaren auziari irtenbidea emateko eskatu dio Euzko Abertzaleak taldeko senatari Jokin Bildarratzek (EAJ) PPren gobernuari. Hain zuzen, ezbaiak eta zalantzak argitzeko exijitu dio Mariano Rajoy Espainiako presidenteari: «Zein egoeran dago orain Espainiak Europar Batasunari bueltatu behar dizkion laguntzen negoziazioa?», galdegin dio.
Diru laguntzen auzia konpontzea ezinbestekoa da ontzigintza sektorea berriro lehiakorra izan dadin”
Tax-lease diru laguntzen auzia ahalik eta arinen konpontzea ezinbestekoa deritzo Bildarraitzek, «euskal ontzigintza berriro lehiakorra izan dadin eta lan karga erakartzeko». EAJren senataria, gainera, kritiko agertu da Espainiako Gobernuak auzi horretan izan duen jarrerarekin: «Tax-lease delakoa baliogabetzeak 25 hilabete baino gehiago iraun dituen desafekzio prozesua ekarri du». Europak zigorra –ontziolek eta inbertitzaileek jasotako diru laguntzak bueltatu behar izatea– ezarri zuenetik zazpi hilabete joan direla gogoratu du EAJren senatariak, eta dirua bueltatzeko epea amaitu zenetik hiru hilabete. «Hala ere, oraindik ez dute adostu bueltatu behar den diru kopurua zein den , ezta ordaindu behar diren kopuruak kalkulatzeko metodologia ere».