
Gernika-Lumoko epaitegia
Espainiako ministroen kontseiluak erregistro zibilari buruz hartu behar duten erabakiaren zain dauden arren, justizia administrazioa esku pribatuetan utzi gura dutelaren zantzuak egon badaudela kritikatu dute sindikatuek. CCOOk, ELAk, LABek, UGTk eta CGTk bidalitako prentsa oharrean, pribatizaziorako asmoa “agerikoa” dela diote sindikatuek. Erregistro zibilaren geroa esku pribatuetan uzteak, “erabiltzaileek birritan ordiandu behar izatea” ekarriko lukeela ohartarazi dute. Pribatizazioak jakinarazpenei, erregistroari, betearazpenei, bake epaitegiei eta justiziako zenbait barrutiri eragingo diela esan dute. Gainera, herritar guztien bizitza osoko datuak interes pribatuen esku utziko lituzketela kritikatu dute, “hasi jaiotzatik eta heriotza arte”.
Hala, Justizia ministerioa “azpijokoan” ari dela esan dute sindikatuek, “zerbitzu publikoari ukatu dizkioten baliabideak izango baititu ekimen pribatuak”. Hori dela eta, enplegu eta administrazio publikoaren alde egiteko eskatuko diete bai Espainiako Gobernuari eta baita Eusko Jaurlaritzari ere.