23 lanpostu eta 28 enpresa sortzen lagundu du Lanbide Ekimenak-ek 2013an
Herritarren enplegagarritasuna hobetzea eta herriko garapena bultzatzea helburu hartuta, langabeziarengatik kaltetuak diren norbanakoengan jarri du arreta berezia Gernika-Lumon kokatuta dagoen Lanbide Ekimenak zentroak. Horregaz batera, enpresa berriak sustatzean ere jarri du indarra. Iazkoa krisi ekonomikoak markatutako urtea izan dela dio Lanbide Ekimenakek; izan ere, “eskualdeko langabezi tasak gora egiten jarraitzen du”, 2013ko hirugarren hiruhilerako %14,97ra arte igota baitzegoen langabezi tasa. Hala ere, Lanbide Ekimenak zentroak emandako formakuntzari esker, 23 pertsonek lortu zuten iaz lana aurkitzea.
Zentroaren ustez, “gutxi egin daiteke jarduera ekonomikoa sortu eta lehendik dagoen enpresari lagundu ezean”. Horregatik, lan arloan ez ezik, enpresa munduan ere, hainbat proiektu jarri zituen martxan iaz zentroak berak. Besteak beste, proiektu barrien kudeaketari buruzko orientazioa eta aholkularitza eman zuen, enpresa barri bat irekitzeko egin beharreko izapideei buruzko iunformazioa ere emasn zuen eta negozio ideien inguruko formakuntza landu zuen. Hala, 28 enpresa barri sortzea lagundu zuen; horien artean, esaterako, merkataritza arlokoak 9 eta ostalaritzakoak 7.
Lan arloari dagokionean, bestalde, beharrik barik dauden pertsonak lan mundura sar daitezan ahalbidetu du Lanbide Ekimenak zentroak, orientazio-informazio, formakuntza eta enpresetako praktiken bitartez. Trebakuntza programa eta ikastaroen artean, esaterako, Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programak (HPPK) izan dira azpimarratzekoak; 19 ikaslek jardun baitzuten ile-apainketa, zurgintza eta bestelako ikasketetan. Lanerako prestakuntzaren alorrean, barriz, lau prestakuntza-ekimen antolatu zituen iaz zentroak; hain zuzen, etxegintzako profesionalentzat, ingeniarientzat, arkitektoentzat eta arkitekto teknikoentzat.
Etengabeko prestakuntzan ere aritu dira zenbait herritar: 55 lagun, hain justu. Horretariko %80a erdi mailako ikasketak dituzten emakumeak izan dira. Orientazio zerbitzua ere izan dute martxan eta 55 parte hartzaile izan ditu. Besteak beste, curriculum vitae-a egiten, lan elkarrizketak prestatzen edota lana bilatzeko nora jo behar duten erakusten lagundu diete.