Erregebide izeneko orientazio martxa herrikoia antolatu du zapaturako Euskadiko Biodibertsitate Zentroak, COBIren (Bidea orientazio Kluba) aholkularitza teknikoagaz. Izenak berak iradokitzen duen legez, Errege Bidetik egingo dute martxa, inguruko biodibertsitatea ezagutzera emateko aproposa baita.
Madariaga Dorretxean hasi eta amaituko da martxa. Biodibertsitate Zentroak azaldu duenez, Ibilbide zirkular hori Busturialdean zegoen “ibilbiderik erabiliena” zen duela mende asko. “Eskualdea iparraldetik hegoalderaino zeharkatzen du, eta horri esker,
interes puntu ezberdinak eta haien interes naturala emango ditugu ezagutzera: errege bidearen zatiak, portu erromatarrak, padurak, hareatzak…”.
Bederatzi kilometro izango ditu martxak, eta, beraz, gutxi gorabehera bi ordutan egin daitekeela dio Busturiko zentroak. Gainera, zailtasun maila baxukoa dela aurreratu du; izan ere, “
aldapa oso gutxi” dago ibilbidean zehar. “Beraz, oso egokia da familian egiteko”.
11:00etan hasiko dira ibiltariak ttipi-ttapa, baina COBIko kideek informazio hitzaldi bat emango dute 10:30ean, zentroko auditorioan. Orientazio plano bat nola erabili azaltzeaz gain, parte hartzaileen galderak erantzungo dituzte, eta martxarako beharrezko materiala banatuko dute. Ingurumenarekiko begirunea alboratu barik, papera beharrean sarea baliatuko dute. Izan ere, QR kode bana jarriko dute ibilbidean zehar dauden interes puntuetan jarritako balizetan. Hori dela eta, gutxienez talde bakoitzeko kide batek telefonoan QR kodeak irakurtzeko aplikazioa jaitsita izan dezala gomendatu dute.
Bestalde, anoa edo hornidura postu bi ipiniko dituzte. Errege Bideak Ardoaren eta arrainaren ibilbidearekin bat egiten duela eta, horietako bat ardoarekin erlazionatuta egongo da, eta bestea arrainarekin.
Martxan parte hartzeko 5 euro ordaindu beharko dira (3 euro 8 urtetik beherakoek eta COBIko kideek). Informazio gehiagorako eta izena emateko
info@torremadariaga.org-era idatzi behar da, edo 94-687 04 02ra deitu.